Mundua -
5. MAILAKO URAKANA
Dorian urakana Floridara bidean da, Bahamak suntsitu eta bost lagun hil ostean
300 km/h-tik gorako haize ufadak izan dira eta, gutxienez, bost lagun hil dira. Bahametako agintariek azpimarratu dute "tragedia historikoa" pairatu dutela.
AGENTZIAK
Saffir Simpson eskalan bosteko indarra duen Dorian urakana atzo iritsi zen Bahama uharteetara, eta datozen orduetan ere Ozeano Atlantikoko estatua astintzen jarraituko du, Floridara bidean (AEB), NHC Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentroak jakinarazi duenez.
Dorian urakanak igandean ukitu zuen lurra Abaco uharteetan (Bahamak). Gero, bigarren aldiz lurra ukitu zuen Bahametan, Marsh Portuan (Abaco uharteak).
Urakanaren astindua eta indarra nabarmen antzeman da Bahametan, 300 km/h-tik gorako haize boladak izan baititu, eta, gutxienez, bost lagun hil dira, Hubert Minnis Bahametako lehen ministroak jakinarazi duenez.
Oraingoz informazio gehiagorik ez daukatela eta balizko biktimei buruz kontu handiz hitz egin behar dela azpimarratu du. Biktima horietako bat zazpi urteko mutiko bat da. Urak ezustean eraman du eta itota zendu da.
Lehen ministroak esan du "tragedia historikoa" dela eta denbora luzea beharko dutela normaltasunera itzultzeko.
Kalte materialak ere handiak dira. Komunikazioak eten dira, toki askotan argindarrik gabe geratu dira, ehunka etxebizitza suntsituta daude, kaleak ibai bihurtu dira eta urak etxebizitza eta ibilgailu asko harrapatu ditu. Haizeak zuhaitz asko errotik atera ditu, eta etxebizitza askoren teilatuak airean eraman ditu.
"Toki askotan ezin dira itsasoa eta kaleak bereizi", esan du Hubert Minnis Bahametako lehen ministroak.
Ehunka lagun babesleku gisa prestatutako elizetan eta eskoletan babestu dira.
Joy Jibrilu Bahametako Turismo eta Abiazio Ministerioko zuzendari orokorraren esanetan, Abaco uharteak suntsituta daude. Oraindik ez dute hildakoen inguruko berririk, baina kalte materialak handiak omen dira. Herritarrei zuzendutako mezuan, lasaitasuna eskatu du.
Aireportua eta portuak itxita eta tren zerbitzua etenda, Floridan
Aurreikuspenen arabera, Dorian urakana gaur iritsiko da Floridako ekialdeko kostaldera, eta, ondorioz, aireportuak eta portuak itxi eta tren zerbitzua eten dute. Horrez gain, eskola-umeen eta unibertsitateko ikasleen itzulera atzera dute.
Zehazki, astelehen arratsaldean edota asteartean ukituko omen du lurra Floridako kostaldean, eta 259 km/h-ko haize boladak espero dira.
Ron DeSantis Floridako gobernadoreak Dorian urakanaren indarra "ez gutxiesteko" eskatu du.
Hego Carolinan 800.000 pertsona ebakuatzeko agindua eman dute, Dorian urakanaren iritsieraren zain
Henry McMaster AEBko Hego Carolinako gobernadoreak kostaldean bizi diren 830.000 pertsona nahitaez ebakuatzeko agindu du, Dorian urakana iritsi baino lehen.
McMasterrek iragarri duenez, ikastetxeak eta erakunde publikoak itxita egongo dira astelehen honetan kostaldeko zortzi konderritan. Gainera, 200 ospitale eta zahar-etxe jendez hustuko dituzte eta hainbat babesleku jarriko dituzte herritarren eskura.
"Badakigu iragarpen hauek ez direla guztientzat pozgarriak izango, baina bizirik mantendu ahal ditugu", esan du.