Mundua -
Hondamendi naturala
Dorian urakana indarra galtzen ari da AEBra bidean
Hala eta guztiz ere, ekaitzak Bahamak jotzen jarraitzen du, eta lehen mailako mehatxua da AEBrentzat, Urakanen Zentro Nazionalak ohartarazi duenez.
agentziak | erredakzioa
Dorian urakana indarra galtzen ari da eta bigarren mailakoa da orain (1etik 5era arteko eskalan), Abaco Bahametako irlan bost hildako utzi ostean. Orain AEBra bidean doa, eta han milioi bat pertsonatik gora ebakuatzeko agindua eman dute.
AEBko Urakanen Zentro Nazionalak Dorianen kategoria jaitsi du, haize ufada gogorrenak 175 kilometro ordukoak direlako. Hala eta guztiz ere, ekaitzak Bahamak jotzen jarraitzen du, eta lehen mailako mehatxua da AEBrentzat, Urakanen Zentro Nazionalak ohartarazi duenez.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioak jakinarazi du 13.000 etxebizitza inguru suntsitu edo kalte handiak egin dituela urakanak Bahametan, baina bertako agintariek ez dute kalteen balantzerik egin oraindik. Gurutze Gorriaren arabera, Abacoko eta Bahama Handiko 62.000 herritarrek ez dute ur hornidurarik.
Adituek uste dute Dorian datozen orduotan iritsiko dela Floridara eta Georgiara, eta bi metrotik gorako olatuak espero dituzte bertan. Floridako 9 konderritan ebakuatu dituzte bizilagunak, eta Orlandoko Nazioarteko Aireportua itxita dago, badaezpada.