Mundua -

Urakana

Gutxienez bost pertsona hil dira Bahametan, Dorian urakana dela eta

Gainera, ekaitzak 13.000 etxe inguru suntsitu ditu Abaco uharteetan. Lehentasuna biktimak bilatu eta erreskatatzea dela esan du Bahametako lehen ministroak.

Dorian urakana Nazioarteko Espazio Estaziotik. Argazkia: EFE
Dorian urakana Nazioarteko Espazio Estaziotik. Argazkia: EFE
Gutxienez bost hildako Bahametan, 'Dorian' urakanaren eraginez

0:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost pertsona hil dira Bahama uharteetan, Dorian urakanaren ondorioz, Hubert Minnis herrialde horretako lehen ministroaren esanetan. Gainera, ekaitzak 13.000 etxe inguru suntsitu ditu Abaco uharteetan (Bahamak). Dorian, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ekialdeko kostalderako bidean da, eta Bahamak izan ziren haren astindua eta indarra jasan zuen lehen estatua.

Bahametako Poliziak hildakoen kopurua baieztatu du, Minnisek azaldu eta Bahama Press hedabideak jaso duenez. Denboraleak Abaco uharteetan eragin ditu orain arteko kalte larrienak, eta, orain arte zenbatutako biktima guztiak, bertan hil dira. Bahama Pressen arabera, ordea, hildako gehiago egon daitezke, eta Abaco Handia uhartean gorpuak biltzen ari direla ziurtatu du.

Bahametako lehen ministroaren iritzian, "tragedia historikoa" da Dorianek lurraldean eragin duena, bereziki Abaco uharteetan.

"Tragedia historiko baten aurrean gaude", adierazi du Minnisek Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Nazionalean (NEMA, ingelesez) egindako agerraldian. Ildo horretatik, Abacon eragindako “aurrekaririk gabeko hondamendia" deitoratu du agintariak. Izan ere, eraikin asko "erabat suntsituta edo kaltetuta" daude.

Halaber, lehentasuna biktimak bilatu eta erreskatatzea dela esan du Minnisek, eta, hori amaitutakoan, kaltetutako eremuak berreskuratzeko lanei ekingo dietela iragarri du. Testuinguru horretan, etxetik kanpo ez geratzeko aholkatu die herritarrei.

Bahama Handia uhartean, 1,8 metro ur dituzte etxeek. "Ur gaineko txalupak dirudite", azaldu du Rosa Knowles-Bainek, duela bi egun agintariek prestatutako larrialdietako babeslekuetako batean ostatu hartu zuen 61 urteko bizilagunak.

Urakana 4. kategoriara jaitsi da, baina Saffir-Simpson eskalako bigarren mailarik indartsuenean jarraitzen du, Miamin egoitza duen Urakanen Zentro Nazionalak nabarmendu duenez. Ekaitzak orduko 240 kilometroko haize boladak ditu, eta orduko 1,6 kilometroko abiaduran mugitzen da.

Eguraldiaren iragarpenen arabera, Dorian ipar-mendebalderantz mugituko da astearteko azken orduan, eta Floridako kostaldera hurbilduko da. Ondoren, ipar-ekialdera zuzenduko da, eta baliteke asteazken gauean Georgia eta Hego Carolinako estatuetara iristea.

hurricane Dorian

Dorian urakana Nazioarteko Espazio Estaziotik. Argazkia: EFE

Urakanari aurre egiteko neurriak hartu dituzte Floridan

West Palm Beachen, Floridan, haize bolada bortitzak eta olatu indartsuak jasaten ari dira, urakana kostaldetik 169 kilometrora dagoen arren. Urakanen Zentro Nazionalaren arabera, Dorian asteazken arratsaldean iritsiko da eskualdera.

Horren aurrean, Floridako bederatzi konderrik derrigorrezko ebakuazioak agindu dituzte; Duval konderrian (bertan dago Jacksonville, Floridako hiri handienetako bat) eta Palm Beachen (Donald Trump presidentearen Mar-a-Lago konplexu turistikoa dago hor), besteak beste.

Hala, kostaldeko herritarrei ebakuatzeko aginduak errespetatzeko eskatu die Ron DeSantis Floridako gobernadoreak. "Atera zaitezte orain, denbora eta erregaia dagoen bitartean", adierazi du DeSantisek estatuko larrialdietarako operazio zentrotik, Tallahassee hiritik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Alerta meteorologikoak Eguraldia Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Donald Trump Latinoamerika Urakanak Ekaitzak Sumendien erupzioek kaltetutakoak