Mundua -
Australia
Melbourne, munduan aire kalitate kaskarrena duen gunea, suteak tarteko
Hain da ke-lainoa trinkoa ezen hainbat alarma faltsu zabaldu diren suteak zirelakoan.
Agentziak | erredakzioa
Melbourne, Australiako bigarren hiri handiena, munduan aire kalitate txarrena duen gunea da, suteek eragindako ke handia dela eta, IQ Air Visual nazioarteko erakundeak gaur ebatzi duenez. Aldiro-aldiro munduko airearen kalitatea neurtzen du Air Visualek, eta hiri australiarrarena "maila baxuenean" dagoela nabarmendu du.
Halaxe baieztatu du Brett Sutton Victoria estatuko (hiriburua da Melbourne) Bulegoko buruak ere.
Hain da ke-lainoa handia ezen hirigunean zein kanpoaldean hainbat alarma faltsu zabaldu baitira suteak zirelakoan. Horrez gain, Australiako Irekiaren sailkapen partida batzuk bertan behera utzi dituzte, kea dela eta.
Irailean hasi ziren suteak. Muturreko baldintza meteorologikoek ( 40 graduko tenperaturak eta 90 km/h-ko haize boladak) egoera zaildu baino ez dute. Hala, ordutik, herrialdeko 10 milioi hektarea kiskali, ia 30 pertsona hil eta milioika dolarreko kalteak eragin dituzte suteek.