Mundua -

Irak

Milaka irakiar bildu dira Bagdaden, AEBren okupazioaren aurkako protestan

Manifestazioa Al Jadiriyako bidegurutzean hasi da. Dena dela, Irakeko politikariei protestara joateko debekua ezarri diete, izaera apolitikoa nabarmentzeko asmoz.

Manifestari bat, Irakeko bandera astintzen, Bagdaden egindako protestan. Argazkia: EFE
Manifestari bat, Irakeko bandera ontzen, Bagdaden egindako protestan.
Milaka irakiar kalera irten dira Bagdaden AEBen okupazioaren aurka

0:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka mila pertsona elkartu dira ostiral honetan Bagdaden, Irakeko hiriburuan, Muqtada al Sadr kleriko xiitak deitutako "milioi bat gizonen martxa" jendetsuan parte hartzeko. Irakeko politikaririk maitatuenetako bat da, eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) presentziaren 16. urteurrenaren aurka protesta egiteko deitu ditu herritarrak.

Manifestazioa Al Jadiriyako bidegurutzean hasi da, eta hiriburuko kale nagusietatik aurrera doa. Dena dela, Irakeko politikariei protestara joateko debekua ezarri diete, mobilizazio horren izaera apolitikoa nabarmentzeko asmoz. Testuinguru horretan, tokiko agintariek segurtasun neurriak indartu dituzte.

"Nazioaren, independentziaren eta subiranotasunaren ordua iritsi da", jakinarazi zuen atzo klerikoak, eta bertan eskatu zuen "maitatuen babesera” joateko, “laguntza eskatzen ari baitira".

Al Sadren hitzak herrialdeko eta eskualdeko tentsioen gorakadaren erdian datoz, urtarrilaren 3an Qasem Soleimani Irango jenerala (Guardia Iraultzailearen Quds Indarreko burua) hil ostean, Irakeko hiriburuan egindako bonbardaketa batean.

Irakeko Parlamentuan ordezkari gehien dituen Sayirun koalizio politikoko buru da klerikoa. Halaber, 2003an Mahdiren Armada sortu zuen, AEBren inbasioari erantzuteko asmoz. 2008an milizia hori desegin zuten arren, berraktibatzeko asmoaren berri eman zuen elizgizonak duela gutxi.

Gainera, 2014tik Saraya al Salam (Bakearen Brigadak) miliziaren buru izan zen, Estatu Islamikoa talde jihadistaren aurkako borrokan. Talde hori 2018an desegin zuten, Kerbala eta Samarrako unitateak izan ezik, horiek santutzat jotzen baitituzte xiitek.

Al Sadrek, "erresistentziako nazioarteko errejimendu" bat sortzeko deia egin zuen urtarrilaren 6an, Iranek babestutako miliziek osatua, Soleimaniren heriotzari erantzunez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump Manifestazioak Irak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?