Mundua -
Estradizio eskaera
Assangeren helegitea aztergai, Suediara estraditatu edo ez argitzeko
Londresko Auzitegi Gorenak gaur eta bihar aztertuko du errekurtsoa. Assangeren abokatuek martxoaren 3an aurkeztu zuten helegitea.
Erredakzioa
Londresko Auzitegi Gorenak gaur eta bihar artean aztertuko du WikiLeaksen sortzaileak, Julian Assangek, epaile batek Suediara estraditatzeko ebazpenaren aurrean jarritako helegitea. Sexu-eraso bat leporatu zioten Assangeri.
Assangeren abokatuek helegitea martxoaren 3an jarri zuten, Riddle epaileak WikiLeakseko sortzailea Suediara ez estraditatzeko arrazoirik ez zegoela esan eta astebete geroago, bertan epaiketa justu bat izango duela uste zuelako.
Suediako Fiskaltzak Assangeri hiru sexu-eraso eta bortxaketa bat egin izana egotzi dio, bi emakumek salaketa bat jarri ostean, gertaerak 2010eko abuztuan eman zirela ziurtatuta.
Assange Londresen atxilotu zuten abenduan, Suediako Fiskaltzaren estradizio-agindua jaso ondoren.
Salaketak ez direla estraditatzeko delitu argudiatuko dute Assangeren abokatuek, eta Suediara eramatea Giza Eskubideen Europako Hitzarmenari dagozkion eskubideekin ez datorrela bat, Erresuma Batuko komunikabideek adierazi zutenez.
Assange lagun baten etxean atxilotuta dago, Ingalaterrako ekialdean, kontrol-neurri handien artean. Joan den asteburuan lagunentzako festa bat antolatu zuen 40 urte bete zituelako.