Mundua -
Atentatu bikoitza Norvegian
Baliteke Breiviki Gizateriaren aurkako delituak egoztea
Horrela, Osloko sarraskien ustezko egileak 30 urte arteko zigorra jasoko luke, terrorismo delituek 21 urte aurrez ikusten baitituzte gehienez jota.
Erredakzioa
Norvegiako sarraskien ustezko egileari baliteke Gizateriaren aurkako delituak egoztea, 30 urte arteko espetxe zigorra jaso dezan. Izan ere, terrorismoa baino ez egotzita, gehienez jota 21 urte emango lituzke espetxean.
Fiskaltzak 2008ko lege bat izan dezake oinarri zeregin horretarako. "Argudioa zibilen hilketa sistematikoa izango litzateke", Staale Eskeland Osloko Unibertsitateko Zigor Zuzenbide irakasleak azaldu duenez.
Aurrez ikusitago gehienezko zigorra 30 urtekoa da Gizateriaren aurkako delituen kasuan, eta 21ekoa terrorismoarenean, baina, bi kasuetan, beste bost urte handitu daiteke, epaileak delitua errepikatzeko arriskua dagoela uste badu.
Oraingoz, Breiviki "gizartearen oinarrizko funtzioak suntsitzea edo ezegonkortzea" eta "herritarren artean izu larria zabaltzea" egotzi diote. Christian Hatlo Poliziaren Fiskaltzaren esanetan, baliteke Breivikek bizitza osoa pasatzea espetxean.
Astelehen honetan, Breivikek epailearen aurrean deklaratu, eta atentatuen antolakuntzan "bi talderen laguntza" jaso zuela esan du. Poliziak, baina, uste du bera bakarrik aritu zela.