Mundua -

KORONABIRUSA

Italian dagoeneko 6.820 dira hildakoak, 743 gehiago egun bakarrean

Orain arte 8.326 alta izan dira eta agerraldia detektatu zenetik 69.176 kasu izan dira guztira.

Langile bat kalea desinfektatzen Italian. Irudia: EFE
Langile bat kalea desinfektatzen Italian
Langile bat kalea desinfektatzen Italian. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italian koronabirusaren ondorioz izandako hildakoen kopurua 6.820ra igo da gaur. Izan ere, azken 24 orduetan 743 hildako gehiago izan dira, bi egunetan izandako hildakoen jaitsiera hautsiz.

Gaur egun, 54.030 kasu positibo daude, astelehenean baino 3.612 gehiago, Babes Zibilak eskainitako datuen arabera.

Orain arte 8.326 alta izan dira, eta Italian agerraldia detektatu zenetik 69.176 koronabirus kasu izan dira guztira.

Lombardiako eskualdea (iparraldea) da kaltetuena, 30.703 kutsatu eta 4.178 hildakorekin, eta Emilia Romaña (9.254 kutsatu), Veneto (5.948 kutsatu) eta Piamonte (5.515 kutsatu) ditu atzetik.

Gaur egun kutsatuta dauden 54.030 lagunetatik 28.697 euren etxeetan daude, 21.937 ospitaleratuta daude, 3.396 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Italiako Gobernuak ezarritako neurri murriztaileak apirilaren 3ra artekoak direla oraingoz gogorarazi du Franco Locatelli Osasun Kontseilu Nagusiko presidenteak, eta egun batzuk lehenago larrialdi egoera aztertu beharko dela adierazi du, horiek luzatzea beharrezkoa den edo ez ikusteko.

Italiako Gobernuak funtsezkoa ez den ekoizpen-jarduera oro bertan behera utzi du, negozio guztiak itxi ditu, premia biziko zerbitzuak eskaintzen dituztenak izan ezik, eskolak, unibertsitateak eta aisialdirako lekuak itxi ditu, bilera sozialak eta kirol-ekitaldiak debekatu ditu, eta pertsonen mugimenduak lan-arrazoietara, osasun-arrazoietara edo beharretara mugatu ditu.

Neurri horien guztien helburua birusaren hedapena kontrolatzea eta transmisioen kurbaren gailurra gainditzea da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa