Mundua -
Indarkeria Erresuma Batuan
Cameronek zigor gogorrak agindu ditu kalteak eragin dituztenentzat
Parlamentuan egindako agerraldian, asteburura begira Polizia Londreseko kaleetan mantenduko duela iragarri du lehen ministroak. Cameronek Armada erabiltzeko aukera baztertu du, 'oraingoz'.
Erredakzioa
David Cameron Bretainia Handiko lehen ministroak zigor gogorrak agindu ditu kaleetan kalteak eragin dituztenentzat. "Kontraerasoa hasi da: babestu egingo zaituztegu, eta zuen ondasunek kalteren bat jasan badute, kalte-ordainak emango dizkizuegu. Zuekin gaude", esan du.
"Gutxiengo diren kriminal horiei hauxe esan nahi diet: bilatu, aurkitu, salatu eta zigortu egingo zaituztegu; egindakoa ordainduko duzue”, gaineratu du lehen ministroak.
Cameronen hitzetan, "harriduraz begiratu gaituen munduari erakutsi behar diogu, gure kaleetan indarkeriaz jokatu dutenek ez dutula inolaz ere ordezkatzen ez gure herrialdea, ezta gure gazteria ere”.
Cameronek goratu egin du Poliziak istiluetan arpilatzaileen zalapartarien kontra egindako lana eta, ''momentuz'', Armadari laguntza eskatzea baztertu du.
Komunen Ganberan egindako agerraldian, "aukera guztiak mahai gainean" daudela azpimarratu du istiluei aurre egiteko baliabideen inguruan aritu denean. Asteazkenean, gomazko pilotak erabiltzeko baimena eman zuen, eta ur-kanoiak ere aipatu zituen, baina oraindik ez ditu azken horien beharrik ikusten.
Soldaduak kaleetara ateratzeari dagokionez, Poliziaren iritziarekin bat etorri da eta ez du egokia ikusten. Hala ere, etorkizunera begira ez du aukera hori baztertu.
Duganen heriotza, "aitzakia hutsa" Cameronen arabera, Mark Dugganen heriotza, Poliziak egindako tiro baten ondorioz, "oportunista taldeek erabilitako aitzakia" izan da. Gainera, Londresen zabaldutako 10.000 agenteak asteburu osoan mantenduko dituela iragarri du.
Bestalde, etxebizitzetan edo dendetan kalteak izan dituztenei kalte-ordainak jasoko dituztela agindu die lehen ministroak, nahiz eta aseguruak kontratatuta eduki. Laguntzak eskatzeko epea ohiko 14 egunetatik 42ra luzatuko duela ere iragarri du.
Bart, lasaitasuna nagusi
Erresuna Batuan gau lasai samarra igaro dute. Londreseko eta gainontzeko hirietako kaleetan polizia ugari zabaldu dira eta lasaitasuna izan da nagusi lehen aldiz, duela lau egun istiluak hasi zirenetik.
Ordutik hona 1.250 pertsona atxilotu dituzte. Londresen, 888 atxilotuetatik 300 inguru epaitegietatik pasa dira dagoeneko istiluetan eta arpilatzeetan parte hartzeagatik, Poliziak bere webgunean jakitera emandakoaren arabera.
Horrez gain, 371 pertsona auzipetuta daude, lapurretan egiteagatik batez ere.
Beste hiriei dagokienez, Manchesterren 113 atxiloketa egin dira, 50 Liverpoolen eta 163 West Midlandsen, horietatik 109 Birminghamen.