Mundua -

Indarkeria bolada

Cameronek krisi-kabinetea bildu du, istilurik gabeko gauaren ostean

Cameronek sare sozialetan esku hartu eta aktibitatea eteteko aukera iragarri du. Bestalde, Poliziak 22 urteko gazte bat atxilotu du istiluen bosgarren eta azken biktimaren hilketaren ikerketan.

Londresen lasaitasuna izan da nagusi, baina Poliziak kaleetan jarraitzen du. Argazkia: Efe.
Erresuma Batuko istiluek bosgarren hildakoa utzi dute

03:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron lehen ministroak krisi-kabinetea deitu du, istilurik gabeko bigarren gauaren ondoren. Hala ere, Poliziak kaleetan jarraitzen du.

Gainontzeko hirietan ere lasaitasuna izan da nagusi, larunbatean Tottenhamen hasitako liskarrak Ingalaterratik zabaldu eta aurreko egunetako istilu larrien ondoren.

Londresen, Poliziak 1.051 atxiloketa egin ditu indarkeria, istiluak eta arpilatzeagatik. 591 perstona auzipetuta daude, Scotland Yardeko datuen arabera.

Sare sozialak eteteko aukera

Bretainiako Gobernuak Interneteko mezularitza zerbitzuak indarkeria boladetan eteteko moduak aztertzen ari da, Blackberry eta Twitterrenak esaterako, ostegun honetan Gobernuko iturri batek iragarritakoaren arabera.

Poliziaren iritziz, sare sozialek eragin nabarmena izan dute Ingalaterran azken lau egunetan izadako arpilatzeetan, istilu-eragileek euren ekintzak koordinatzeko erabili baitituzte.

"Baliabide horiek erabili dituztela dakigu (...) galdera da ea orain arazoei aurre egiteko zerbitzu horiek eteteko modurik dagoen", esan dute.

"Inteligentzia zerbitzuekin eta alorreko enpresekin harremanetan gaude. Oraindik ez dugu inolako proposamenik egin", gaineratu dute.

Laguntza sozialak erretiratu

Hala ere, polemika gehien piztu lezakeen neurria laguntza sozialak erretiratzearena da. Cameronek iragarrita, arpilatzea eta lapurreta delituen errudunei laguntza sozialak erretiratzeko aukera izango dute udalek.

The Telegraphek ateratako informazioaren arabera, Gobernua legearen zirriborro bat prestatzen ari da zigor hori ahalik eta lasterren indarrean jartzeko. Horrez gain, Londreseko zenbait barruti (Greenwich, Hammersmith eta Fulham), eta Manchesterreko beste bat (Saldford) neurri horrekin ados daudela iragarri dute eta lehen bait lehen ezartzeko prest omen daude.

200 milioi libera kalte materialetan

Londresen eta beste hirietan izandako istiluek eragindako kalte materialak 200 milioi liberatan (228 milioi euro) zenbatu ditu Bretainiako Aseguru Etxeen Elkarteak (ABI), hasieran aurreikusitakoaren bikoitza.

Igoera hori David Cameronek Parlamentuan esandakoen ondoren kalkulatu dute. Cameronen arabera, 1886ko legeari jarraituta, istiluek eragindako kalteen zati bat Poliziari pasatzeko aukera dute eta Gobernua kalte horiei aurre egiteko balizko diru faltari aurre egiteko prest dago.

Bosgarren hildakoa

Poliziak 22 urteko gazte bat atxilotu du, Richard Mannington Bowes istiluetako bostgarren biktimaren heriotzan zerikusia duelakoan. Bowes larri zauritu zuten astelehenean sute bat pizten saiatzen ari ziren gazte batzuei aurre egin zienean. 68 urteko gizonezkoa ospitalean hil egin da.

Poliziak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du hilketaren ingurukoak argitzeko.

Birminghaneko hildakoengatik, hiru atxilotu

Hiru gazte atxilotu dituzte asiar jatorriko hiru musulmanen heriotzarekin zerikusia dutelakoan. Hirurak auto batek harrapatuta hil ziren Birminghamen, dendak arpilatzaileengatik defendatzen ari zirela.

Heriotzak asteazken goizaldean gertatu ziren eta hasiera batean 32 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, baina ondoren aske utzi dute fidantzapean.

Hiru atxilotuek 16, 17 eta 26 urte dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea