Mundua -
Armada
Mundu mailako gastu militarrak azken 10 urteetako gorakada handiena izan du
1,77 bilioi eurokoa izan da, hau da, mundu osoko BPGren % 2,2, eta 230 euro pertsonako.
agentziak | erredakzioa
Mundu mailako gastu militarra % 3,6 hazi zen 2019an, 1,77 bilioi euroraino, 2010etik izan den urte arteko gorakada handiena, AEBek bultzatuta, Stockholmeko Bake Ikasketen Nazioarteko Institutuak (SIPRI) gaur zabaldu duen txostenean agertzen denez.
Mundu osoko Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2,2 da hori, eta 230 euro pertsonako batez beste. 2015etik dagoen goranzko joerari eutsi zaio, 2011tik 2014ra ekonomia krisiagatik behera egin ostean.
“Munduko gastu militarra 2010ean baino % 7,2 handiagoa izan zen, azken urteotan hazkundea bizkortu egin dela baieztatuz. 2008ko krisitik izan den gastu handiena izan da, eta ziurrenik historiako gastu handiena ere izango da”, azpimarratu dute ikerketan.
676.000 milioi euroko inbertsioarekin, 2018an baino % 5,3 gehiago, eta zerrendan atzetik dituen hurrengo hamarren gastua batuta baino gehiago, AEBena da munduko gastu militarren % 38a.
Hala ere, AEBek 2010ean baino % 15 gutxiago inbertitu zuten. 2010etik 2017ra beheraka egin zuen gastu militarrak AEBetan, baina azken bi urteetan goranzko joera berreskuratu du.
Txina bigarren postuan egonkortu da 241.000 milioi euroko gastuarekin (% 5,1 gehiago); hirugarrena da India 66.000 milioi eurorekin (% 6,8 gehiago); eta laugarrena, Errusia, 60.121 milioi eurorekin (% 5 gehiago)
Frantziako Estatua seigarrena da; eta zazpigarrena, Alemania, 45.530 milioi eurorekin eta % 10eko igoerarekin. Lehenengo 15 postuetan daudenetatik igoera handiena izan du, eta ikertzaileen arabera "NATOko kide askok Errusia geroz eta mehatxu handiagoa dela uste dutelako" da hori.
Azkenik, Espainiako Estatua 17. postuan dago 15.885 milioi euroko gastuarekin, aurreko urtean baino % 0,9 gehiago.