Mundua -
ISRAEL
Bere kontrako epaiketarekin "Gobernuarekin amaitu" nahi dutela salatu du Netanyahuk
Israelgo lehen ministroari ustelkeria eta iruzurra leporatzen dizkiote, eta horregatik 10 urteko espetxe zigorra jaso dezake.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak salatu egin du bere kontra hasi duten epaiketarekin "gobernuarekin amaitu" nahi dutela. Netanyahuri ustelkeria leporatzen diote.
“Herriaren borondatearen kontra egiten ari dira, ni eta eskuina gobernutik kentzeko”, esan du Netanyahuk epaitegiaren sarreran. Boterean daramatzan hamar urteetan hauteskundeetan lortu ez dutena epaitegietan bilatzea aurpegiratu die lehen kinistroak ezkerreko alderdiei.
Bere iritziz, fiskalek, poliziek eta hedabideek bat egin dute bere kontra akusazio faltsuak eraiki eta gaur hasitako epaiketa behartzeko.
Netanyahuren ustez bere aurkariek ez dute mugarik bera gobernutik kentzeko ahaleginean, eta jasotako babesa eskertu du. Esan duenez, asko dira “gertatzen ari dena” dakitela esan diotenak: “poliziako funtzionarioek, fiskalek era hedabideek Gobernua kendu nahi dute, herriaren borondatearen kontra”.
Gobernuburua Likud bere alderdiko diputatuez eta ministroez inguratuta agertu da hedabideen aurrean, eta epaiketa zuzenean ematearen alde agertu da, iritzi publikoak bertan esaten dena zuzenean entzuteko, “eta ez kazetarien bidez”.
Epaitegian grabatu nahi ninduzuen zuen propagandari jaten emateko, baina jendeak nire irudi osoa ikustea nahi dut, denaren berri izatea”, azpimarratu du, lehen saiora joatea saihestu ondoren. Lehen saio horretan karguak irakurri dizkiote.
Netanyahuri eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusua delituak leporatzen dizkiote, 1000, 2000 eta 4000 izeneko kasuetan. Opariak mesedeen truke jasotzea leporatzen diote, eta hedabideek berari eta bere familiari buruz informazio positiboak emateko akordioak egitea.
“Frogak asmatzea”
Lekukoek euren testigantzak aldatzeko presioak jaso dituztela iradoki du Netanyahu Israelen epaitzen duten lehen gobernuburuak. Beste batzuk deklaratzera derrigortu dituztela ere esan du, eta fiskal nagusiari zenbait salaketa aurkeztu dizkiola ere azaldu du.
Netanyahuk ez du zalantzarik agertu bere errugabetasunaren inguruan eta ikerlariei bere kontrako “froga bereziak asmatzea” leporatu die.
Adituen arabera, epaiketa urteetan luzatu daiteke.