Mundua -

AEB

AEBko hainbat hiritan etxeratze-agindua kendu dute, protesta baketsuak izan baitira

Washingtonen, Los Angelesen eta San Frantziskon, besteak beste, asteburutik indarrean zeuden etxeratze-aginduak bertan behera uztea erabaki dute.

Washington D.C. hirian izandako protestaren irudi bat. Argazkia: EFE.
Washington D.C. hirian izandako protestaren irudi bat
Washington D.C. hirian izandako protestaren irudi bat. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Washington, Los Angeles, San Frantzisko eta Ameriketako Estatu Batuetako beste hiri handi batzuetako udalek ostegunean iragarri dute asteburutik indarrean zeuden etxeratze-aginduak bertan behera uztea erabaki dutela, asteazkenean ez delako istilurik izan George Floyden heriotza salatzeko protestetan; izan ere, protesta baketsuak izan dira.

Muriel Bowser Washington hiriburuko alkateak beste alkateek baino lehen kendu du etxeratze-agindua, azken egunotako protestak baketsuak izan baitira.

Hiri horretan, igandetik egon da indarrean etxeratze-agindua, istiluak izan direlako bertako kaleetan, maiatzaren 25ean Minneapolisen George Floyd afroamerikarra Poliziaren esku hil osteko protestetan.

Los Angelesen ere kendu dute neurria. Los Angeles AEBko bigarren hiri jendetsuena da, eta indarkeria nagusitu asteburuan bertako kaleetan. Bortizkeriak, baina, behera egin du azken egunotan, eta manifestazio jendetsuak izan dira nagusi astean zehar.

"Egungo egoera abiapuntu, manifestarien jokabide baketsua ikusirik, Los Angeles konderriko sheriffaren departamentuak ez du etxeratze-agindurik betearaziko", zehaztu du hiriko Poliziak. Hori bai, metropoliko barrutiek neurriak hartu ahalko dituzte, bakoitzak bere testuingurua aztertuta.

San Frantziskoko badian ere ez da etxeratze-agindurik izango; izan ere, San Frantziskon eta San Josen, bertako bi hiri nagusietan, kendu egin dute.

Seattlen (Washington estatua), Louisvillen (Kentucky) eta Salt Lake Cityn (Utah) ere erabaki dute etxeratze-agindua bertan behera uztea, asteburuko gauetan arpilatzeak eta istiluak izan ostean.

Hainbat manifestarik Donald Trump kritikatu dute. AEBko presidenteak Washington hiriburuan soldaduak hedatzeko mehatxua egin zuen. Dena den, Washington hiriburua hartzen duen Columbia barrutiko Poliziaren buruak (Pete Newsham) esan du asteazkeneko protestetan 5.000 herritar baino gehiago bildu zirela eta ez zutela inor atxilotu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Arrazismoa Euskadin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak Manifestazioak