Mundua -

Protestak AEBn

Trumpek “kartzela-zigor luzeak” ezarriko dizkio monumentuei eraso egiten dien edonori

Monumentuei eraso egiten dion edonor auziperatua izango da eta 10 urte arteko kartzela-zigorrei egin beharko die aurre.

Donald Trump, Estatu Batuetako Presidentea. Irudia: EFE.
Donald Trump, Estatu Batuetako Presidentea. Irudia: EFE.
Donald Trump, Estatu Batuetako Presidentea. Irudia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump, Estatu Batuetako presidenteak, arrazakeriaren aurkako protestetan jomuga izan diren monumentu, oroigarri eta estatuak babesteko agindua sinatu du ostiral honetan. Hemendik aurrera gerta litezkeen erasoen arduradunek “kartzela-zigor luzeei” aurre egin beharko diete.

Agindu exekutiboaren arabera Gobernu federalaren ardura izango da monumentuei eraso egiten dien pertsona oro auzipetu eta 10 urtera arteko kartzela-zigorra ezartzea. Testuaren zehazten denez, lekuko agintariek egoera lasai mantentzea lortu ezean, monumentuen babesa bermatzea segurtasun indar federalen esku geratuko da.

Pasa den maiatzaren 25ean poliziak hil zuen George Floyd afro-amerikarraren heriotzak sortutako irakinaldiaren erdian, zenbait pertsonaia historikoren omenez egindako monumentuak hainbat erasoren jomuga izan dira. Trump presidenteak gogor gaitzetsi ditu ekintza horiek.

Manifestarien jomuga nagusiak hegoaldeko estatuetan anitzak diren ikur konfederatuak izan dira (Sezesio-gerran esklabutzaren alde egin zutenak). Horrez gain, zenbait konkistatzaile espainiarren, edo Estatu Batuetako “aita fundatzaileen” estatuek ere erasoak jaso dituzte.

Arrazismoaren aurkako mugimenduek hainbat estatu beren kabuz neurri zorrotzak hartzera eraman dituzte. Nueva Jersey estatuko Newark eta Camden hirietan, esaterako, zenbait estatua toki publikoetatik kendu behar izan dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak