Itxi

Mundua

Brexit-a

Erresuma Batuak betoa jarriko die kualifikazio gutxiko langileei eta zigortuei

Agentziak | Erredakzioa

Puntu bidezko sistema 2021eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, brexit-a gauzatzeko trantsizio-epea amaitutakoan. Migrazioa mugatzea helburu duen neurria da.

  • Londres (Ingalaterra).

    Londres (Ingalaterra). Artxiboko argazkia: EFE

Erresuma Batuak migrazioa mugatzeko sistema zorrotz bat ezarriko du brexit-a gauzatzen denean. Besteak beste, neurri horrek kualifikazio gutxiko edo/eta ingelesaren ezagutza urria duten langile europarren sarrera mugatuko du, eta urtebetetik beherako kartzela-zigorrak dituzten pertsonak kanporatzeko aukera jasoko du.

Testuinguru horretan, Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroak 130 orriko txosten bat aurkeztu du Erresuma Batuko Parlamentuan, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera Erresuma Batura iristen direnek bete beharko dituzten baldintzekin.

Hain zuzen ere, brexit-a gauzatzeko trantsizio-epea datorren urtean amaituko da, eta, horrekin batera, herrialde horretan sartzeko Europar Batasuneko herritarren zirkulazio-askatasuna. Sistema hori indarrean sartzen den unetik aurrera, europarrek ez dute bisa berezirik lortu beharko, baina bidaia-baimena eskuratu beharko dute, Europatik kanpoko gainerako herritarrek bezala.

Testuinguru horretan, Boris Johnson lehen ministro kontserbadorearen gobernuak puntu bidezko sistema bat prestatu du, eta, horren arabera, Erresuma Batuan bizi eta lan egin nahi dutenek gutxienez 70 puntu lortu beharko dituzte. Besteak beste, enplegatzaile ziurtatu baten lan-eskaintza izatea, urtean 25.600 libratik gorako soldata (28.400 euro) jasotzea eta ingeles-maila egiaztatu ahal izatea izango dituzte kontuan puntuak emateko orduan. Gainera, "okupazio eskaseko sektoreetan" (erizaintza eta ingeniaritza zibila, besteak beste) lanpostua lortu nahi duten hautagaiek aparteko puntuak lortuko dituzte.

Sistema horrek zientzialari eta ingeniarien presentzia bultzatzea du helburu, baita artearen munduko langileena ere, bereziki Royal Society, Royal Academy of Engineering edo Arts Council England bezalako erakundeen babesarekin iristen badira.

Horiek guztiek nolabaiteko erraztasunak izango dituzte bisa berezi bat lortzeko orduan. Gainera, osasun arloko profesionalak joatea bultzatzeko helburuarekin, bisa hori azkarrago (hiru asteko epean) eta kostu txikiagoarekin emango zaie. Dena dela, zaintzaile profesionalak abantaila horretatik kanpo geratuko dira.

Patelen esanetan, enplegatzaileek lana britainiarrei eskaintzea lehenestea da neurri horren helburu nagusia, eta, aldi berean, "munduko langile onenak eta distiratsuenak erakartzea".

Kualifikazio gutxiko langiletzat hartuko da aurreikusitako gutxieneko soldata jasotzen ez duena, eta horrek kezka sortu du nekazaritzaren eta zaintzaren sektoreetan, baita eraikuntzan eta ostalaritzan ere. Erresuma Batura iritsi berriak diren EBko herritar askok sektore horietan egiten dute lan.

Gainera, sistema berriaren arabera, urtebete edo gehiagoko zigorra jaso duen edozein pertsonak betoa izango du, eta, dagoeneko Erresuma Batuan bizi bada, "kanporatua izateko proposatzea aztertuko da", baita pertsona horren kartzela-zigorra 12 hilabetetik beherakoa bada ere, herritarren segurtasunerako arriskutsutzat jotzen denean.

Ikasketetarako bisari dagokionez, oraindik lantzen ari direla jakinarazi du Patelek, baina aurreikusten da datorren udatik aurrera nazioarteko ikasleak gutxienez bi urtez geratu ahal izango direla euren prestakuntza amaitu ondoren; horretarako, urtean gutxienez 20.480 libra (22.700 euro) irabazi beharko dituzte. Alabaina, hezkuntzan eta osasunean salbuespenak egiteko aukera egon liteke.

Gaur egun Erresuma Batuan bizi diren 3,4 milioi europarrek eskaera bat egin behar dute bizileku baimena lortzeko (mugagabea da herrialdean bost urte baino gehiago badaramatzate), brexit-aren ostean bertan egoteko legezko baldintza gisa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena