Mundua -

Erreforma

Kubak ibilgailuak salerostea baimendu du

Orain arte, debekatuta zegoen 1959 urtearen osteko ibilgailuak salerostea. Neurria kubatarrek gehien espero zutenetakoa zen.

Hainbat auto Habanan, asteazken honetan. EFE
Hainbat auto Habanan, asteazken honetan. EFE
Hainbat auto Habanan, asteazken honetan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1etik, kubatarrek eta uhartean bizi diren atzerritarrek ibilgailuak salerosi ahal izango dituzte, salerosketa mota horrek azken hamarkadetan izan dituen mugak bertan behera uzteko Gobernuak publikatu duen dekretuaren arabera.

Ibilgailuak salerosi ahal izatea kubatarrek gehien espero zuten neurrietako bat zen, Raul Castro jeneralak uharteko eredu sozialista "gaurkotzeko" eta ekonomia suspertzeko abiatutako erreformen baitan.

Orain arte, debekatuta zegoen 1959 urtearen osteko ibilgailuak salerostea. Hori horrela, 1959 baino lehenagokoak oraindik ere Kubako kaleetan ikus daitezke, jabeek behin eta berriz konpontzeko trebetasuna garatu egin baitute. Uhartean Sobietar Batasuneko auto ugari ere badago.

Asteazken honetan publikatutako dekretuak baimendu egiten du ibilgailuak salerostea eta dohaintzan ematea, eta malgutu egiten ditu jabego transferentziak, uhartea behin betiko uzten dutenei zuzenduta.

Halaber, herritarrak ez dira behartuta egongo ibilgailu zaharra Estatuari ematera, eta beraz, beste bat erosten badute, saldu edo jabetzan geratu ahalko dute.

Garraio Ministerioak bost urterik behin eman ahal izango du ibilgailu berria erosteko baimena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea