Mundua -

Ekialde hurbila

Emirerriek eta Bahrainek bake akordioak sinatu dituzte Israelekin

Donald Trumpek, Etxe Zuriko sinadura ekitaldiaren anfitrioiak, "Ekialde Hurbileko bakerako egun historikotzat" jo du akordioa, baina Abasek esan du ez duela bakea ekarriko.

Itunaren sinadura ekitaldia Etxe Zurian. Argazkia: Efe
Itunaren sinadura ekitaldia Etxe Zurian. Argazkia: Efe
Emirerriek eta Bahrainek bake akordioak sinatu dituzte Israelekin

1:41

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabiar Emirerri Batuetako eta Bahraingo gobernuek akordioak sinatu dituzte Israelekin gaur, Etxe Zurian egindako ekitaldi batean, harremanak normaltzeko asmoz. Donald Trump AEBko presidenteak, ekitaldiaren anfitrioiak, "Ekialde Hurbilean bakea lortzeko egun historikoa" dela esan du.

AEBetako agintariak ekitaldiaren hasieran nabarmendu duenez, akordio horiek sinatzeak "Ekialde Hurbil berri baten egunsentia dakar". "Historiaren norabidea aldatzeko gaude hemen", gaineratu du.

Trumpek ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago adierazi du "herrialde gehiagok" antzeko akordioak lortuko dituztela Israelekin, Palestinako Aginte Nazionalak, "Palestinako auziari eta Jerusalemi egindako traizioa" dela esanez, horien aurka egin badu ere.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Twitterren duen kontuan adierazi duenez, "egun historikoa da Israelentzat", eta "bakea indarretik" lortu nahi dutela azpimarratu du.

Bestalde, Abdula bin Zayed Emirerrietako Atzerri ministroak nabarmendu du Abu Dhabi "pribilegiatua" dela "bakerako bidean paper garrantzitsua jokatzeagatik", eta Reuven Rivlin Israelgo presidenteak, berriz, Jerusalemera bisita bat egitera gonbidatu ditu Emirerrietako eta Bahraingo ordezkaritzak, akordioak sinatu ondoren.

Abasek uste du ez dutela bakea ekarriko

Israelek Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin dituen harremanak normalizatzeak ez du bakea ekarriko eskualdera, Mahmud Abas Palestinako presidenteak gaur ziurtatu duenez.

"Ez da bakea lortuko AEBek" eta Israelek "Palestinako herriak estatu independente bat ezartzeko duen eskubidea onartzen ez duten bitartean", adierazi du agintari palestinarrak.

"Arazo nagusia ez da" golkoko bi monarkia horien eta Israelgo agintarien artekoa, "okupaziopean sufritzen duen palestinar herriarekin baizik", gaineratu du Abasek, Wafa albiste agentzia ofizialak jasotako adierazpenetan.

Ohartarazi du, halaber, ez duela onartuko inork palestinarren izenean hitz egitea, eta gaitzetsi egin ditu haiei dagozkien gaiak jorratzeko aginte palestinarra bazterrean uztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Ekialde Hurbila gaur