Mundua -

ERREFERENDUMA

Parte-hartze handia Kaledonia Berriko independentzia erreferendumean

Behin betiko datuak zabaldu ez badituzte ere, hautetsontziak itxi baino ordubete lehenago erroldaren %79k eman du botoa. 2018an idenpendentziaren aurkakoek irabazi zuten, botoen %56,7 eskuratuta.

Kaledonia Berriko hainbat herritar, botoa ematen.
Independentzia Erreferenduma Kaledonia Berrian.
Kaledonia Berriko hainbat herritar, botoa ematen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parte-hartze handia izan da Kaledonia Berriko independentzia erreferendumean. Azken datuen arabera, %79k hartu du parte galdeketan. Frantziaren menpeko lurraldea izaten jarraitu nahi duten edo ez erabakiko dute gaur Ozeano Barearen hegoaldean dagoen artxipelagoko biztanleek.

18:00etan - hemengo 07:00etan - itxi dituzte boto-kutxak, eta azken orduan jendetza inguratu da eskoletara, botoa ematera. Ilara luzeak sortu dira, eta hainbat tokitan orduz kanpo ere bozkatzeko aukera izan dute.

Azken egunotan bi aldeen arteko tentsioa areagotu egin bada ere, lasaia izan da galdeketa-eguna eta ez da istilurik izan. Emaitzen berri izaten dutenean ere, jarrera horri eusteko eskatu diete herritarrei, bai independentziazaleek bai unionistek.

180.340 herritar zeuden deituta botoa ematera, eta galdera hau egin zaie erreferendumean: "Kaledonia Berriak erabateko subiranotasuna eta independentzia lortzea nahi al duzu?"

2018an ere egin zen indepentzia erreferenduma Kaledonia Berrian, eta, orduan, Frantziaren menpe jarraitzearen aldekoak gailendu ziren, botoen %56,7 eskuratuta. Erroldan gaur baino 6.000 boz-emaile gutxiago zeuden, eta parte-hartzea %81,01ekoa izan zen.

Iparraldeko probintzietan bildu ziren independentziaren aldeko boz gehienak, jatorriz bertako herritarrak bizi diren lekuetan. Uhartearen hegoaldean berriz, europar jatorriko herritarrak bizi diren eskualdetan, kontrakoek irabazi zuten nabarmen.

Alde oso txikiarekin irabazi zuten unionistek, eta 1998an sinatutako Numeako Akordioari helduta, independentziazaleek beste erreferendum bat egitea eskatu zuten. Gaurkoan ezezkoak irabaziko balu, 2021 edo 2022an hirugarren galdeketa bat eskatzeko aukera izango dute.

Denera, 230 nazioarteko begiralek zaindu dute gaurko erreferenduma.

Frantziak 1853an kolonizatutako lurraldea da Kaledonia Berria; hainbat uhartek osatzen dute, horietan ezagunena Terre Handia. 2018ko erroldaren arabera, 284.060 herritar bizi dira artxipelagoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak