Mundua -
KORONABIRUSA
Boris Johnsonek Manchester hiriko tabernak ostiraletik aurrera ixteko agindu du
Gainera, debekatuta egongo dira bizikide ez diren pertsonen arteko bilerak etxean, eta kalean, berriz, ezingo dira sei lagun baino gehiago elkartu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak alerta maila gorena ezarri du Ingalaterra iparraldeko Manchester hirian, COVID-19agatik, Andy Burham Manchester hiriko alkatea kontra agertu arren.
Ostiraletik aurrera, neurri murriztaile berriak sartuko dira indarrean Manchester hirian. Jatetxe gisa jardun ezin duten tabernak eta pubek itxi egin beharko dituzte ateak, eta ireki ahalko dutenek, berriz, etxeratze-agindua bete beharko dute 22:00etatik aurrera.
Gainera, pertsonen arteko bilerak mugatu egingo dituzte. Etxeetan eta, oro har, eraikinen barrualdean elkartzea debekatuta egongo da, bizikideak edo burbuila berekoak ez badira behintzat. Kalean, ostera, gehienez ere sei pertsona elkartu ahalko dira.
Bestalde, Erresuma Batuko osasun agintariek astearte honetan baieztatu dutenez, 241 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken 24 orduetan; kutsatzeen bigarren olatua hasi zenetik izandako kopururik altuena, hain zuzen ere. Positibo kopuruei dagokienez, 21.330 zenbatu dituzte egun bakar batean.