Itxi

2020/10/31

18:59

Mundua

Koronabirusa

Neurriak gogortzen hasi da Europa, bigarren olatuari ezin eutsita

Agentziak | Erredakzioa

Ingalaterran hilabete bateko iraupena izango duen itxialdia ezarriko du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Era berean, Portugalek biztanleriaren % 70 konfinatuko du.

  • PCR probak egingo dizkiete eslovakiar guztiei.

    PCR probak egingo dizkiete eslovakiar guztiei. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Herrian, etxeratze agindua ezarri eta mugak ixtea erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, eta konfinamendu orokorra ezarri du Frantziar Estatuak Iparraldean. Europan ere neurri murriztaileak hartzen hasi dira, batzuk lehen olatuan hartutakoen oso antzekoak.

Erresuma Batua lehen olatuan pandemiak gogorren kolpatutako herrialdeetako bat da. Ingalaterran hilabete bateko iraupena izango duen konfinamendua ezarriko dutela iragarri du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak larunbat honetan. Itxialdia datorren ostegunean sartuko da indarrean, eta printzipioz, abenduaren 2ra arte luzatuko da. Biztanleriak arrazoi sendoak izan beharko ditu etxetik atera ahal izateko: hezkuntza, osasuna, lana edo elikagaiz hornitzeko.

Downing Streeten agerraldia egin du Johnsonek. “Beste aukerarik ez dago”, esan du lehen ministroak. Ingalaterran gertatzen ari denaren aurrean “lehen ministro arduratsu” batek ez luke ezikusiarena egingo, azpimarratu duenez.

Gainera, pandemiaren aurreneko olatuan, iragan udaberrian, baino hildako gehiago izan daitezke neguan, neurri zorrotzak hartzen ez baldin badira, ohartarazi duenez.

Erresuma Batuak Ingalaterra itxiko du, eta Portugalek biztanleriaren % 70 konfinatuko du

Pandemia hasieran Italia izan zen herrialde zigortuena. Bigarren olatuari, aldiz, auzokide batzuek baino hobeto eutsi dio. Gobernua gaur egungo neurriak gogortuko dituen dekretu berri bat aztertzen ari da. Eguneko koronabirus datuak lehendabiziko aldiz izan dira, ostiralean, 30.000tik gorakoak.

"Datuek txarrera ez egiteko, mugimenduak aurreratzea beharrezkoa den aztertu behar dugu. Hurrengo dekreturako bilera asko egiten ari gara. Murriztaileagoa izango da", esan du Luigi di Maio Atzerri ministroak.

Onartutako azken neurria tabernak eta jatetxeak 18:00etan ixtea izan da, baita zinemak, antzokiak, gimnasioak eta beste aktibitate batzuk gutiz ixtea. Di Maiok esan duenez, Exekutiboaren asmoa ekoizpena eta eskolak martxan mantentzea da.

Alemanian, astelehenean sartuko dira indarrean gobernu federalak eta estatuetakoek adostutako neurri murriztaile berriak. Besteak beste, azaroan tabernak eta jatetxeak ixtea hartzen dute aintzat, baita aisialdia, kultura eta barruan egiten den kirola. Eskolak eta merkataritza mantentzen saiatuko dira.

Belgikak murrizketa berriak iragarri ditu. Abendu erdialdera arte "funtsezkoak ez diren" negozio guztiak itxiko dituzte, osasun zerbitzuen "kolapsoa" ekiditeko.

"Azken aukerako neurriak dira", azpimarratu du Alexander de Croo lehen ministroak. Elio di Rupo Valoniako presidenteak "isolamendurik gabeko konfinamendua" izendatu du.

Neurri berriak ia berdinak dira estatu osoan, eta astelehenean sartuk indarrean, abenduaren 13ra arte.

Portugalen ere kutsatzeen eta heriotzen eguneko errekorrak hautsi dituzte, baita ZIUn ingresatuta dauden pertsonen kopuruarena. Lehen olatuan baino zenbaki altuagoak dituzte.

Kutsatzeko arrisku handia duten udalerriak azaroaren 4tik aurrera ixteko erabakia hartu du Portugalgo Gobernuak. Gauzak horrela, biztanleriaren % 70 konfinatuko du Exekutiboak. Ezinbestekoak diren jarduerak egiteko bakarrik atera ahal izango dira etxetik (lanera, ikastetxera joateko edo erosketak egiteko).

Ezohiko ministroen kontseilua egin du gaur Gobernuak. Honenbestez, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 240 positiboak gainditu dituzten udalerriak itxiko ditu Portugalek. Orain 121 udalerri egoera horretan daude, besteak beste, Lisboa eta Oporto (7,1 milioi biztanle).

“Ezinbestekoa den zerbait egiteko ez bada, etxean geratu behar gara. Lanera, eskolara, erostera, ariketa fisikoa egitera, arreta behar duten pertsonak artatzera… joan gintezke, baina etxean egon”, esan du Antonio Costa lehen ministroak.

Suediako Gobernua, pozik "borondatezko neurrien" eraginarekin

Suediabereziki zigortu zuen pandemiak lehenengo olatuan, bere inguruko herrialdeekin alderatuta, eta bertan eguneko datuak ere errekorrak hausten ari dira. Hala ere, Anders Tegnell Gobernuko epidemiologoak esan du inguruko herrialdeetan baino “igoera zertxobait txikiagoa” izan dela Suedian, eta agintariek bultzatu dituzten "borondatezko neurriek" balio izan dutela esan du.

Biztanle gehien dituzten eskualdeek herritarrei gomendatu diete merkataritza zentroetara, museoetara, gimnasioetara, liburu-dendetara eta igerilekuetara ez joateko azaroaren 18ra arte, arriskuak gutxitzeko. Tegnellek jendeari orokorrean harremanak murrizteko eskatu die, baita etxetik lan egiteko ere.

Austrian, Gobernuak konfinamendu berri bat iragarri du, baina moderatuagoa, asteartetik aurrera eta hilabeterako. Mugimendua eta harreman pribatuak murriztuko dituzte, eta hotelak eta gastronomia, aisialdia eta kultura establezimenduak itxiko dituzte.

Besteak beste, 20:00etatik aurrera etxeratze agindua hasiko da, gaueko topaketak eta jaiak ekiditeko, baina etxetik bakarka irtetea ahalbidetuko da, paseatzeko, kirola egiteko eta lan egiteko.

Murrizketa berriak azaroaren 30era arte egongo dira indarrean, eta abenduan zehar, datuek laguntzen badute, arintzen joatea espero dute, Sebastian Kurz kantzilerrak esan duenez.

Eslovakiak probak egingo dizkie herritar guztiei

Eslovakian, 5,45 milioi biztanle duen herrialdean, 10 urtetik gorako herritar guztiei COVID-19 probak egiten hasi zaizkie. Neurri horrekin ospitaleen kolapsoa eta, batez ere, ekonomia ixtea saihestu nahi dituzte.

"Europari eta munduari erakutsi nahi diegu ekonomia itxi gabe eta milioika pertsona lanik gabe utzi gabe gauzak egiteko beste modu bat badagoela", esan du Igor Matovic lehen ministroak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;