Itxi

Mundua

KORONABIRUSA

Arduragabekeria egotzi die Gobernu britainiarrak konfinamendutik ihes egin dutenei

EITB MEDIA

Milaka lagunek Londres eta Ingalaterrako hego-ekialdea uztea erabaki zuten atzo, konfinamendu berriaren berri izan bezain laster. Koronabirusaren andui berri bat agertu delako ezarri da itxialdia.

  • Matt Hancock, Britainia Handiko Osasun ministroa.

    Matt Hancock, Britainia Handiko Osasun ministroa. Argazkia: EFE

Matt Hancock Erresuma Batuko Osasun ministroak igande honetan adierazi duenez, "erabat arduragabea" izan da Londresetik eta Ingalaterraren hego-ekialdetik alde egin duten milaka pertsonaren jarrera. Atzo, koronabirus kasuen gorakada eta koronabirusaren andui berri bat agertu dela ikusita, konfinamendu zorrotza iragarri zuen Britaina Handiko Gobernuak Londreserako eta ingalaterra hegoalderako. Erabakia jakinarazi eta ondorengo orduetan, exodoa izan da inguru horietan.

"Osasun arduradunek garbi utzi zuten jendeak maletak desegin eta etxean geratu behar zuela, zonalde horietatik ihes egin beharrean" adierazi du Hancockek, haserre.

Sky Newsen egin dioten elkarrizketa batean, Hancockek ohartarazi du "txertoa masiboki zabalduta egon arte oso une zailak" espero dituztela: "Aurrera aterako gara, baina oso hilabete zailak ditugu aurretik" esan du.

Londres, Ingalaterrako hego-ekialdea eta ekialdea covid-19 arriskuan 4. maila larrira pasatu dira igande honetan. Besteak beste, funtsezkoak ez diren saltokiak itxi dira, telelana ezarri da eta salbuespenetarako bakarrik atera daitezke herritarrak etxetik. 4. mailako zonaldean bizi direnak, beraz, erabateko itxialdiaren oso antzeko egoeran geratu dira.

Printzipioz, bi aste iraungo dituzte neurri horiek

Andui berria "nagusi da Londresen"

Ingalaterran agertutako koronabirusaren andui berriari buruz, Patrick Vallace Gobernuaren aholkulari nagusiak lasaitasunerako deia egin du, "Londresen jada nagusi den anduia koronabirus originala baino hilgarriagoa denaren probarik ez dagoelako eta txertoak andui horrekin ere funtzionatuko ez duenaren probarik ere ez dagoelako".

Hori bai, "transmisioa azkarragoa" duela ohartarazi du, eta horrek esan nahi du "are gehiago mugatu behar direla harremanak eta birusa zabaltzeko gaitasuna" ohartarazi du Vallancek.

Konfinamendu zorrotza ezarritako inguruei dagokienez, covid-19aren intzidentzia % 50 igo dela azken hamabost egunetan gogorarazi du, eta horregatik hartu dela erabakia, besteak beste.

Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko medikuak gai honi  buruz hitz egin du, hain zuzenere, gaur Euskadi Irratiko Osasun Etxean. Zubiak argi utzi nahi izan du "oraindik ez dakigula Ingalaterrako andui berria kutsakorragoa den ala ez", baina Donostia Ospitaleko medikuaren arabera, orokorrean, garatzen ari diren txertoak birusaren aldaera guztietan izango dira eraginkorrak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena