Mundua -

Erresuma Batua

Komunen Ganberak Erresuma Batuaren eta EBren arteko akordioa onartu du

Boris Johnsonek arratsaldean sinatu du akordioa. Lege-proiektua, hortaz, Lorden Ganberara iritsiko da; han ere onartzea dago aurreikusita.

Parlamentu britainiarra, asteazken honetan. Argazkia: EFE.
Parlamentu britainiarra, asteazken honetan
Parlamentu britainiarra, asteazken honetan. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuak eta Europar Batasunak (EB) adostutako merkataritza libreko eta lankidetzako akordioa onartu du asteazken honetan Komunen Ganberak, aldeko 521 botorekin eta kontrako 73rekin. Izan ere, 2021eko urtarrilaren 1ean gauzatuko da brexit-a, eta ordutik aurrera, hitzarmen horrek arautuko du bi aldeen arteko etorkizuneko harremana.

Behe Ganberaren oniritzia lortu ondoren, merkataritza-itunaren lege-proiektua Lorden Ganberara (Goi Ganbera) igaroko da. Testuinguru horretan, bertan ere akordioa onartzea espero da, Isabel II.a erreginak testu legegilearen berrespena sinatu baino lehen.

Hain zuzen ere, akordio hori joan den ostegunean, abenduak 24, sinatu zuten Bruselan, negoziazio luze eta zailen ostean. Hitzarmena, trantsizio-epea amaitzen denean sartuko da indarrean, alegia, ostegun honetan bertan, 23:00etan.

Gauzak horrela, ostiral honetatik aurrera, Erresuma Batua merkatu bakarretik eta aduanen batasunetik kanpo egongo da, eta itun horrek arautuko ditu Europar Batasuna osatzen duten 27 herrialdeen blokearekin dituen harreman komertzialak.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak arratsalde honetan sinatu du merkataritza libreko eta lankidetzako akordioa, eta urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean, brexit-a gauzatu ondoren.

"Akordio hau sinatzean, herri britainiarrak bere legepean bizitzeko duen nahia betetzen dugu, bere Parlamentu hautetsiak berak egina", adierazi du Johnsonek.

Johnson: "Munduko merkataritza libreko akordio handienetako bat da"

Gaur goizean, Komunen arteko akordioari buruzko eztabaidarekin hastean, lege-proiektu hori "munduko merkataritza libreko akordio handienetako bat" dela ziurtatu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Ildo horretatik, Erresuma Batuak "gure diruaren, mugen eta legeen kontrola" berreskuratu ahal izango duela gaineratu du.

Testuinguru horretan, Europako bizilagunekin "harreman zoragarria" izateko itxaropena agertu du Johnsonek, betiere "merkataritza librean eta lagun arteko lankidetzan oinarrituta"

Halaber, Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera, oposizioan dagoen Alderdi Laboristaren babesa izan duen proiektu horrek, EBko herrialdeekin "negozio gehiago egitea ahalbidetuko die Erresuma Batuko konpainiei".

Westminsterreko Parlamentuan (Londres) bide azkarretik izapidetzen ari dira proiektua, eta urtarrilaren 1etik aurrera bi aldeen arteko harremanaren inguruan EBrekin hartutako konpromisoen transposizioa egiten du Britainia Handiko legedian.

Hala, bederatzi hilabeteko negoziazioen ostean, joan den abenduaren 24an sinatutako akordioaren arabera, "EBko 27 kideekin merkataritzan eta lankidetzan jardun dezake Erresuma Batuak, adiskidetasunari eta borondate onari dagokienez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Batasun europarra Eskozia Erresuma Batua Albisteak Gaur Albisteak Brexit albisteak Ingalaterra azken ordukoa Boris Johnson