Mundua -

Koronabirusa

Ingalaterran etxeko konfinamendua ezarri dute, ikastetxeak itxita eta telelanarekin

Neurri murriztaile berriak otsailaren 15era arte egon dira indarrean, kutsatze kopurua nabarmen hasi dela ikusita. Eskozian eta Galesen ere konfinamendu zorrotzak ezarri dituzte.

Ume bat Boris Johnsonen diskurtsoa telebistan ikusten. Argazkia: EFE
Ume bat Boris Johnsonen diskurtsoa telebistan ikusten.
Ume bat Boris Johnsonen diskurtsoa telebistan ikusten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak etxeko konfinamendua ezarri du Ingalaterran, osasun egoera inoiz baino larriagoa dela egiaztatu ostean. Neurri murriztaile berriak gutxienez otsailaren 15era arte egongo dira indarrean.

Gaur gauean telebista bidez emandako agerraldian, Johnsonek etxean geratzeko deia egin die herritarrei, martxoan egin zuten bezala. "Datozen asteak inoizko gogorrenak izango dira, baina konbentzituta nago borroka honen azken fasean gaudela (…). Geratu zaitezte etxean, zaindu osasun sistema eta lagundu bizitzak salbatzen”, azpimarratu du.  

Agindu berriaren arabera, bost kasutan soilik egongo da baimenduta etxetik ateratzea: telelana ezinezkoa denean, lanera joateko; funtsezko erosketak egiteko; egunean behin etxetik gertu kirola egiteko; laguntza behar duten pertsonak zaintzeko; eta osasun zentrora edo erietxera joateko.

Ikastetxeak, institutuak eta unibertsitateak itxita egongo dira, eta klaseak telematikoki emango dituzte. Haurreskolak irekita egongo dira, baina burbuila taldeak egin beharko dituzte.

Johnsonek ohartarazi duenez, "pandemia hasi zenetik presiorik altuena jasaten ari gara eta ospitalean dauden pertsonen kopurua % 40 handiagoa da egun apirilean baino".

"Gainera, orain birusaren aldaera berri bat agertu zaigu eta beldurgarria eta etsigarria da zeinen azkar kutsatzen den ikustea", deitoratu du.   

Bestalde, Johnsonek adierazi du txertoaren lehen dosiak otsaila erdialdean jasoko dituztela eta txertaketa kanpaina erresidentzietako adinekoekin eta langileekin abiatuko dutela. Halaber, lehen fasean osasun arloko beharginei eta 70 urtetik gorako pertsonei jarriko diete txertoa.   

Keir Starmer oposizioko buruzagi laboristak Gobernu britainiarraren neurriak babestu ditu, baina txertoa ahalik eta azkarren jartzea ezinbestekoa dela erantsi du.  

Bestalde, Eskozian ere martxoan ezarritako konfinamenduaren pareko neurri gogorrak ezarriko dituzte astearte honetatik aurrera, eta Nicola Sturgeon ministro printzipalak zehaztu duenez, urtarrila amaitu arte egongo dira indarrean. Galesen, berriz, ikastetxeak eta unibertsitateak gutxienez urtarrilaren 18a arte ixtea erabaki dute.  

Erresuma Batuan inoiz baino pertsona gehiago kutsatu dira azken orduetan koronabirusarekin pandemia hasi zenetik: 58.784, hain zuzen ere.

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Ingalaterra Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera Telelana