Mundua -
Italia
Contek "salbamendu nazionaleko" gobernu bat osatzeko deia egin du dimititu ostean
Italiako jarduneko lehen ministroak Gobernua osatzeko beste agindu bat jaso nahi du, hirugarrena bi urte eta erdian, agintean jarraitzeko.
agentziak | eitb media
Giuseppe Conte Italiako jarduneko lehen ministroak Parlamentuan babes handia izango duen "salbamendu nazionaleko" gobernu baten alde egin du pandemiari aurre egiteko, dimisioa eman ostean zabaldu duen lehenengo mezuan.
"Errepublikaren etorkizuna bihotzean daramatenen ahotsek Parlamentuan indarra hartzeko unea da. Nire dimisioa aukera horren zerbitzura dago: salbamendu nazionaleko ikuspegia eskainiko duen gobernu berria osatzea", azpimarratu du sare sozialetan.
Contek dimisioa aurkeztu dio gaur estatuburuari, Sergio Mattarellari, Senatuan, Parlamentuko bi ganberetako batean, gehiengo osoa galdu ostean. Izan ere, Matteo Renziren Italia Bizia alderdiak koalizio gobernua uztea erabaki zuen desadostasunengatik.
Jarduneko lehen ministroak uste du aliantza "europazalea" osatu beharra dagoela, "erabaki garrantzitsuenak hartzeko eta hauteskunde erreforma onartzeko", baina bere beldurra da krisi politikoa pandemia betean iritsi dela, eta Europako Suspertze Planaren funtsak inbertitu behar direnean (209.000 milioi inguru).
"Herrialdea oso une zaila bizitzen ari da. Duela urtebetetik benetako larrialdi egoeran gaude. Herritarren sufrimenduak, gizartearen ezinegon sakonak eta arazo ekonomikoek ikuspegi argia eskatzen dute, eta gehiengo zabala eta segurua duen gobernu bat", berretsi du.
Horregatik, Parlamentuari ahal den gobernu egonkorrena osatzeko deia egin dio, argitu gabe bera izango ote litzatekeen horren buru.
Orain arte, Gobernua osatzeko beste agindu bat jasotzea izan da Conteren helburua, hirugarrena bi urte eta erdian, agintean jarraitzeko.
Horretarako, babesak bilatu beharko ditu Senatuan eta Behe Ganberan, koalizioak gehiengo berreskura dezan.