Mundua -
Italia
Draghiren esku utzi dute Italian larrialdi-gobernua osatzeko ardura
Sergio Mattarella estatuburua asteazken honetan bilduko da Europako Banku Zentraleko presidente ohiarekin, herrialdean bizi duten krisi politikoari irtenbidea emateko asmoz.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente ohiaren esku utzi dute Italian larrialdi-gobernua osatzeko ardura, aurreko exekutiboko alderdiak akordio batera heltzeko gai ez direla egiaztatu ostean.
Sergio Mattarella estatuburua asteazken honetan bilduko da ekonomialari prestigiotsuarekin. Krisi politikoa Matteo Renzi lehen ministro ohiak eragin zuen, Italia Viva alderdia koaliziotik atera zuenean.
"Talde politiko guztiei eskatzen diet alderdi batekin identifikatuko ez den eta perfil altua izango duen gobernu bat osatzen lagun dezaten, larrialdi-egoera honi aurre egin ahal izateko", adierazi du Mattarellak. Krisia hirukoitza dela erantsi du: sanitarioa, soziala eta ekonomikoa.
Krisi politikoari amaiera emateko beste aukera bat hauteskundeak deitzea izan zitekeela esan du, baina bide hori baztertu egin du, hainbat hilabetez gobernurik ez izatea ekarriko lukeelako eta horrek pandemiaren aurkako borrokan eragin negatiboa izango lukeela iritzita.