Mundua -
Italia
Mario Draghik Giuseppe Conteren lekukoa hartu du Italiako Gobernuaren buruan
EBZren presidente ohiak profil teknikoa zein politikoa duten 15 gizonez eta zortzi emakumez osatutako Exekutiboa egin du, alderdi guztien babesarekin, eskuin muturreko Italiako Anaiena izan ezik.
EITB Media | Agentziak
Mario Draghi ekonomialariak, Italiako Gobernuko lehen ministro berriak, Giuseppe Conte aurrekoaren botereak jaso ditu, "kanpaitxoaren zeremonia" delakoan. Ekitaldi sinboliko horretan, lehen ministro ohiak Ministroen Kontseiluei hasiera eta bukaera emateko erabiltzen den kanpaia ematen dio arduradun berriari.
Ohi baino hotza izan da ekitaldia. Contek eta Draghik eskuak desinfektatu dituzte, kanpaia ematean kutsatzeak ekiditeko, eta ia ez diote elkarri hitz egin.
Ondoren, Conte abokatuak agur esan dio Exekutiboaren egoitza den Chigi jauregiari, eta eraikinaren leihoetatik funtzionarioek eta langileek txalo zaparrada luzea eskaini diote.
Draghik, Europako Banku Zentraleko presidente ohiak, Sergio Mattarella Estatuburuaren aurrean karguaren zina egin du, Errepublikaren presidentetzaren egoitza den Qurinale Jauregian, Erroman, eta berarekin batera 23 ministroek ere egin dute. Izaera teknikoa zein politikoa duten 15 gizon eta zortzi emakume hautatu ditu Draghik ministro izateko.
Hauteskundeak aurreratzeko zailtasunaren aurrean, ekonomialariari Gobernua osatzea egokitu zitzaion. Parlamentu osoaren babesa du Draghik, Giorgia Meloni buru duen Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiarena izan ezik.
Orain arteko ministroen artean, seik karguan jarraituko dute: Roberto Speranza Osasun ministroa, Luigi di Maio Atzerri ministroa eta Luciana Lamorgese Barne ministroa tartean. Profil teknikoa dutenei dagokienez, aipagarriak dira Justizia ministroa izango den Marta Cartabia Konstituzio Auzitegiko epailea eta Ekonomia ministerioaren ardura izango duen Daniele Franco Italiako Bankuko zuzendari orokorra.
Exekutiboan ere zenbait berritasun daude. Italiako prentsak hurrengo izenak nabarmendu ditu: Trantsizio Ekologikoko ministroa izango den Roberto Cingolani fisikaria, Trantsizio Digitaleko ministroa izango den Vittorio Colao Vodafone taldeko zuzendari exekutiboa eta Turismo ministroa izango den Liga Norteko Massimo Garavaglia.
Italiako lehen ministro berriak bere aldeko beste alderdien izenak sartu ditu. Ligakoaz gain, baita 5 Izar Mugimendukoa, Alderdi Demokratakoa eta Askeak eta Berdinak, Italia Bizia eta Forza Italia alderdietakoak ere.
Conteren agurra, momentuz
Botere aldaketa Conte jendaurrean agertu den azken aldia izan da. Jardunean eta guztiz isilik jarraitu du krisi politikoa iraun duen azken asteetan.
Lehen ministro ohiak urtarrilaren 26an eman zuen dimisioa, Parlamentuan Matteo Renziren Italia Bizia koalizioaren babesa galdu eta gehiengo absolutua galdu ostean.
Pandemian zehar nahiko ondo hartu du Italiako gizarteak, eta momentuz, Contek ez ditu bere etorkizunari buruzko zalantzak argitu. Otsailaren 4ean bere alderdiari esan zionez, "banago eta egongo naiz". Hitz horiek alderdi horren barnean politikan jarraitzearen aldeko mezu gisa hartu dituzte.