Mundua -

ITALIA

Batasuna eskatu du Mario Draghik, "aurrekaririk gabeko larrialdi egoeraren aurrean"

Italiako lehen ministro berriak bere gobernu programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Senatuan.

Mario Draghi Italiako lehen ministroa, Senatuan eskaini duen hitzaldian. Argazkia: EFE
Mario Draghi Italiako lehen ministroa, Senatuan eskaini duen hitzaldian
Mario Draghi Italiako lehen ministroa, Senatuan eskaini duen hitzaldian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Draghi Italiako lehen ministro berriak bere gobernu programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Senatuan egiten ari diren inbestidura saioan.

Senatuan eskaini duen hitzaldian, Draghik "batasuna eta konpromisoa" eskatu die alderdi politikoei, "aurrekaririk gabeko larrialdi egoeraren aurrean". Itxura guztien arabera, alderdi politiko gehienen babesa jasoko du.

Pandemiari aurre egiteko "erantzukizuna" eskatu dio gehiengo zabal eta heterogeneoari. Halaber, bere lehentasunak aipatu ditu, tartean, hezkuntza, txertaketa plana eta erreformak.

"Italiarik gabe ez dago Europarik, baina Europatik kanpo Italia gutxiago dago", esan du kutsu europazalea izan duen 50 minutuko hitzaldian. "Gaur batasuna ez da aukera bat, batasuna betebeharra da", gaineratu du.

"Pandemiaren aurka borrokatzea eta gure herritarren bizitza babestea da gu guztiok, nik barne, dugun betebehar nagusia", esanez hasi du hitzaldia. Pandemiarekin jarraituz, bere lehen erronka nahikoa txerto lortzea izango dela adierazi du, "azkar eta eraginkortasunez banatzeko".

"Lurraldeetako osasun sistema indartzeko eta egokitzeko" asmoa azaldu du eta hezkuntza arloan "ohiko eskola ordutegira" itzultzearen alde egin du, ordutegi tarte ezberdinak zehazteko aukerari atea zabalduz.

Halaber, Italiak eredu turistikoa aldatu behar duela esan du, izan ere, pandemiaren hasieraren aurretik jarduera ekonomikoaren % 14 turismo sektoreari lotuta zegoen. Migrazio eta asilo politikari buruzko itun berria negoziatzea izan da Draghik aipatu duen beste erronketako bat.

Aurreikusi duen erreforma programaren baitan, zerga sistema, administrazio publikoa eta justizia aipatu ditu.

Inbestidura bozketa gaur gauean egingo da Senatuan, eta Draghik ia alderdi guztien konfiantza lortzea espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Zer ari da gertatzen Europan? Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Italia