Mundua -

Tentsioa

AEBetako hegazkin espioi bat bota du Iranek, tripulaziorik gabekoa

Israel eta AEBetako zenbait agintarik Iran erasotzeko aukera aipatu dute bertako programa nuklearra geldiarazteko. Hori gertatuz gero, erantzuna "sekulakoa" izango dela mehatxatu du Iranek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek AEBetako hegazkin espioi bat bota duela adierazi du, tripulaziorik gabekoa, Fars tokiko agentziaren arabera. Agentzia hori Iraultzaileen Zaindariak izeneko taldearekin lotuta dago.

Iturri horren arabera, hegazkinak, RQ170 modeloak, Iraneko aire-eremua urratu du eta, lurra jo ondoren, Iraneko Indar Armatuen esku geratu da.

Hala ere, ez da Iranek horrelako iragarpen bat egiten duen lehen aldia, izan ere, iazko urtarrilean tripulaziorik gabeko AEBetako bi hegazkin bota zituztelairagarri zuten, Pertsiar Golkoan.

AEBetako "Sentinel" hegazkinak, tripulaziorik gabekoak, Afganistanen daude, Iranekin mugan dagoen herrialdean. Horretaz aparte, Pakistanen, Iraken eta Somalian ere dauzkate horrelako abioiak.

Gatazka nuklearra

Iranek mundu-mailako gatazka politikoa sortu du iragan urriaren 8an energia nuklearra helburu militarrerako erabiltzen ari zela zabaldu zenean. Susmo horiek Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak argitaratutako txosten batetik atera zen. Teheranen txosten horren edukia ukatu egin zuten eta energia nuklearra esparru zibil eta baketsuan erabiltzeko zela gaineratu zuten.

Israel eta AEBetako zenbait agintarik Iran erasotzeko aukera aipatu dute bertako programa nuklearra geldiarazteko. Hori gertatuz gero, erantzuna "sekulakoa" izango dela mehatxatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea