Mundua -
HAUTESKUNDEAK ISRAELEN
Netanyahu ataka estuan bere etorkizuna erabakiko duen hauteskunde egunean
Bi urtean laugarren hauteskundeak izango dira gaur; inkestek Netanyahuri ematen diote garaipena, baina oposizioaren blokeak eserleku gehiago lor ditzake, hura boteretik kentzea ahalbidetuz.
O. P. | EITB MEDIA
Israelek bi urtean laugarren hauteskundeak izango ditu gaur, eta historiako hauteskunderik garestienak izango dira, gainera, koronabirusaren aurkako neurri zorrotzak hartu eta kutsatuek eta berrogeialdian daudenek bozkatu ahal izateko instalazio bereziak prestatu baituzte, hain zuzen ere milaka lagun lehen ministro Benjamin Netanyahuren dimisioa eskatzeko manifestatzera atera eta bi egunera; izan ere, ustelkeria kasuengatik epaiketa betean dago lehen ministroa. Israelen 07:00ak zirenean zabaldu dituzte hauteslekuak, eta bozkatzen hasi dira botoa ematera deituta dauden 18 urtetik gorako 6 milioi eta erdi israeldarretako lehenak.
Inkestek Netanyahuren garaipena aurreikusten duten arren, ez dirudi hark uste bezainbesteko abantaila lortuko duenik, bereziki covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina bizkor eta eraginkorraren ostean. Likud gehiengo absolututik urrun geldituko dela dirudi, Kan kate publikoaren arabera, 120 eserlekuetatik 31 baino ez baititu lortuko Netanyahuren alderdiak; horrek koalizioa osatzera behartuko luke, gobernatu ahal izateko beste 30 diputatu beharko bailituzke. Yesh Atid zentro-ezkerreko alderdia izango litzateke bigarren indarra, 19 eserleku lortuta. Itxaropen Berria liberalak eta Yamina ultra-eskuindarrak berdinduta geratuko lirateke bederatzina eserlekurekin, eta Arabiar Zerrenda Batuak aurreko hauteskundeetan lortutako zortzi eserlekuei eutsiko lieke.
Israelgo herritarren bozak lau alderdi-multzo nagusitan banatzen dira (eskuinekoak, ezkerrekoak, erlijiosoak eta arabiarrak), eta ez da espero botoen joan-etorri esanguratsurik. Beraz, biharko egunak honako egoerak ekar ditzake: batetik, koalizioen agertoki bat, bai Netanyahuren ingurukoa, bai haren kontrakoa. 11 katearen arabera, Netanyahuren aurkako blokeak 56 eserleku lortuko lituzke, eta 51 haren aldekoak. Edonola ere, ez batak ez besteak ez lukete lortuko gehiengoa osatzeko behar dituzten 61 eserlekuak.
Naftali Beneten Yamina alderdia izan daiteke gakoa; izan ere, giltzarri bilaka daiteke, bloke batekiko edo bestearekiko aldeko jarrerarik agertu ez duen arren, Netanyahu boteretik kentzearen aldekoagoa litzatekeela dirudielako.
Beste agertoki posible bat beharrezko koalizio horiek sortzeko ezintasuna izan daiteke. Egoera horrek berriro hauteskundeak deitzea ekarriko luke, irailean ziurrenera (bi urte eta erdian, bosgarren aldiz, hain zuzen), herrialdea murgilduta dagoen hauteskunde zurrunbilotik atera ezinik beste behin.
Likudek 2020ko martxoko hauteskundeak irabazi zituen, 36 eserleku lortuta. Orduan, zentro-eskuineko Urdina eta Zuria alderdiarekin osatu zuen koalizioa, eta alderdi horretako lider Benny Gantzek eta Netanyahuk 18 hilabetez behin agintea txandakatzea adostu zuten. Batasun nazionaleko Gobernuak ez zuen luze iraun, ordea, baldintza berriak ezarri eta gobernu-akordioa hautsi baitzuen Netanyahuk agintea eskuz aldatzeko data gertu zela. Kosta ahala kosta botereari eusteko estrategia gisa hartu zuten askok mugimendu hura.
Hauteskunde-zurrunbiloa ez da Estatu juduan gertatzen den aurrekaririk gabeko lehen fenomenoa; izan ere, inork ez zion botereari Netanyahuk bezainbeste denboraz eutsi (15 urte). Era berean, 2020ko maiatzean, karguan dela epaitua den lehen agintari gorena bihurtu zen Netanyahu, ustelkeria egotzita.