Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Gutxienez 10 pertsona hil dituzte Coloradon, supermerkatu batean izandako tiroketan

Ustezko erasotzailea atxilotu eta ospitaleratu egin dute, zauriekin. Gertakariaren ostean, Bidenek asaltoko armak debekatzea proposatu du.

Coloradoko supermerkatu batean gertatu da tiroketa. Argazkia: EFE
Coloradoko supermerkatu batean gertatu da tiroketa
Hamar hildako Coloradoko supermerkatu batean izandako tiroketa batean

1:01

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, gutxienez 10 pertsona hil dituzte Coloradoko supermerkatu batean izan den tiroketan. Hildakoetako bat 51 urteko polizia bat da, tiroketaren abisua jaso eta bertara iritsi den lehendabizikoetakoa. Ustezko erasotzailea atxilotu eta ospitaleratu egin dute, zaurituta.

Gizon armatu bat Boulder hiriko King Soopers merkataritza gunean sartu eta tiroka hasi da bertan 15:00ak zirenean. 10 hildako eragin ditu, 20 eta 65 urte artekoak, eta bera larri zauritu da, Kerry Yamaguchi Boulderreko Polizia buruak azaldu duenez.

Lehen tiro hotsak entzun ondotik, pertsona batzuek bertatik ihes egitea lortu dute.

Lekukoetako batek zuzenean eman du tiroketa Youtuben.

Susmagarria atxilotu eta ospitale batera eraman dute, Michael Dougherty Boulder konderriko fiskalak The Denver Post egunkariari azaldu dionez. 

Fiskalak eta Boulderreko Poliziaren buruak ez dute erasoaren arrazoien inguruan espekulaziorik egin nahi izan, ezta erasotzailearen eta supermerkatuaren artean inolako loturarik ezarri ere.

Bestalde, "justizia egiten dela bermatzeko ahalegina" egingo dutela hitzeman dute agintariek, baina ikerketa osatzeko egunak beharko dituztela aurreratu dute.

Bidenek asaltoko armak debekatzea proposatu du

Gertakariaren ostean, Joe Biden AEBko presidenteak Kongresuari eskatu dio herrialdean armen kontrola areagotzeko neurriak "premiaz" har ditzala, tartean asaltoko arma guztien debekua.

"Bizitzak salba ditzakegu" armen kontrolarekin, esan du Bidenek Etxe Zurian egindako adierazpen batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ameriketako Estatu Batuak bideoak Delituak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Erailketak Supermerkatuak