Mundua -

Ekialde Hurbila

Hamzah bin Husein Jordaniako printze ohia, etxean giltzapeturik

Jordaniako "segurtasuna ezegonkortzeko" helburuarekin "mugimenduak eta jarduerak" egin izana leporatzen diote agintariek.

Hamzah bin Hussein Jordaniako printze ohiaren irudia (eskuinaldean). Argazkia: EFE
Hamzah bin Hussein Jordaniako printze ohiaren irudia (eskuinaldean). Argazkia: EFE
Hamzah bin Hussein Jordaniako printze ohiaren irudia (eskuinaldean). Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxean giltzapeturik dutela salatu du Hamzah bin Hussein Jordaniako printze ohiak, haren abokatuak BBC Erresuma Batuko telebistari igorritako bideo batean. Erabakia herrialdeko buruzagien aurkako kanpaina batean kokatu du printzeak.

Printzea Abdala erregearen haurriderdia da. Hamzah bin Husseinek Jordaniako agintariei ustelkeria, gaitasun eza eta jazarpena egotzi die.

Ammanen, atzo bertako komunikabideek jakitera eman zutenez, atxiloketak izan ziren "segurtasun arrazoiengatik".

Hamzah printzeak, hildako Hussein erregearen eta Noor erreginaren semeak, konspirazio batean parte hartu izana ukatu du, bere atxiloketa ustez tribuetako buruzagiei egindako bisita batekin lotuta egon ostean, Erresuma Batuko irratiak igande honetan jakitera eman duenez.

BBCri emandako bideoan, buruzagi militar batek ezin zuela jendearekin hitz egin esan ziola esaten du printzeak, parte hartu zuen bileran Gobernua kritikatu zuelako.

"Ni ez naiz Gobernuan izandako akatsen, ustelkeriaren eta azken 15-20 urteetan gure gobernuaren egituran ohikoa izan den aginpiderik ezaren erantzulea", adierazi du Erresuma Batuko Sandhursteko akademia militar ospetsuan hezitako printzeak.

Jordaniako "segurtasuna ezegonkortzeko", "atzerriko eragileekin harremana" izatea eta "mugimenduak eta jarduerak" egitea leporatzen diote Jordaniako agintariek Hamzah bin Husein printzeari.

Jordaniako Botere Legegileko bi ganberetako buruzagiek babesa adierazi diote Abdala II.a erregeari, eta errefusatu egin dute haren aurkako edozein ekintza, "herrialdearen segurtasuna eta egonkortasuna ahultzeko saiakera" izan dela argudiatuz.

Bestalde, Jordaniako Noor erreginak "kalumnia zital"tzat jo ditu bere semearen aurkako salaketak.

Mahmud Abbas Palestinako presidenteak babesa eman zien bart Abdala II.ari eta "Jordaniako segurtasuna, batasuna eta egonkortasuna" indartzeko hartutako erabakiei, "segurtasun arrazoiengatik" egindako atxiloketa kanpainaren ostean. Irango Atzerri Ministerioak Jordaniako "bakearen eta egonkortasunaren garrantzia" azpimarratu du.

Beny Gantz Israelgo Defentsa ministroaren ustez, Jordanian egin berri dituzten atxiloketak herrialde horretako "barne arazoa" dira. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina Ekialde Hurbila Jordaniako albisteak