Mundua -
Hauteskundeak
Guillermo Lasso kontserbadoreak irabazi du hauteskundeen bigarren itzulia Ekuadorren
Arauz eta Lasso presidentegaiak kenduta, gainerako 14 hautagaiek botoen % 47,5 eskuratu zituzten lehen itzulian. Portzentaje esanguratsua da bigarren itzuliari begira.
EiTB Media | Agentziak
Ekuadorren, Guillermo Lasso hautagai kontserbadore eta liberala Andres Arauz hautagai ezkertiar eta Correaren jarraitzaileari nagusitu zaio presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulian.
Botoen % 96,34 zenbatuta, bien aldeko tartea 5,1 puntukoa da. Zentro-eskuineko hautagaiak botoen % 52,55 eskuratu du eta Arauz ezkertiarrak, ostera, % 47,45. Kontaketak aurrera egin ahala, aldea murriztuz joan da.
Halaber, boto baliogabeak 1.642.482 ( % 16,23) izan dira eta boto zuriak, ostera, 162.277 ( % 1,6). Lehen itzulian hautagai izan zen Yaku Perez presidentegaiak boto baliogabea emateko eskatu die jarraitzaileei.
Guillermo Lasso CREO Mugimendu kontserbadore eta liberaleko presidentegaiaren esanetan, "egun historikoa" da Ekuadorren, ekuadortarrek "aldaketa eta guztiontzako egun hobeen beharra" bozkatu dutelako.
Lassok esker oneko hitzaldia eskaini du bere jarraitzaileen aurrean: "Gaur ospakizun eguna da. Demokraziak arrakasta izan du eta ekuadortarrek norabide berri baten alde egin dute".
Haren jarraitzaileak kalera atera dira garaipena ospatzera Quito hiriburuan eta herrialdeko beste hainbat tokitan.
Bestalde, Andres Arauz Correaren hautagaiak bere porrota onartu du: "hausnarketa zintzoa, benetako autokritika" egiteko ordua da. "Ekuadorko herria zerbitzatzen jarraituko dut, egokitzen zaigun lubakitik gure herria zerbitzatuko dugu, programatikoki eraikiz, ideia sakonekin, hurrengo belaunaldiak trebatuz", gaineratu du.
Arauzek zoriontzeko deitu duela baieztatu du Lassok Twitterreko bere kontuan.