Mundua -
BRASIL
Lularen aurkako zigorrak baliogabetu dituzte eta 2022an hautagai izan liteke
Brasilgo presidente ohiak "borrokarako prest" dagoela eta "beharrezkoa bada" hautagai izango dela esan du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Brasilgo Auzitegi Gorenak Lula da Silva presidente ohiaren aurkako zigorrak baliogabetzea onartu zuen atzo, eta, ondorioz, litekeena da 2022ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztea.
Auzitegi Gorena osatzen duten hamaika epaileetatik zazpik zigorren baliogabetzea mantentzearen alde bozkatu dute. Martxoaren hasieran Edson Fachin magistratuak Lularen aurkako kartzela zigor guztiak bertan behera utzi zituen, zigorrak horretarako autoritaterik ez zuen auzitegi batek eman zituela iritzita.
Erabakiaren berri izan ostean Lula da Silva presidente ohiaren defentsak baieztatu duenez, erabakiak "segurtasun juridikoa eta herrialdeko Justizia sistemaren sinesgarritasuna berrezartzen" ditu, eta berretsi egiten du Curitibako auzitegiak kasua epaitzeko autoritaterik ez zuela, prozesua hasi zenetik erakutsi nahi izan zuten bezala.
Epaiaren berri izan eta ordu batzuetara, C5N Argentinako telebista katean elkarrizketatu dute Lula da Silva, eta "borrokarako prest" dagoela esan du.
"2022an Bolsonaro bezalako faxista bati irabazteko beharrezkoa bada, hautagai izango naiz", azpimarratu du.
Salatu duenez, "Estatu Batuetako Justizia Departamentuak, petrolio enpresek eta Ameriketako industria handiek gure aurrerapena suntsitzeko interesak zituzten", eta horregatik, prozesu bat sortu zuten, "gezur handi bat, fartsa bat".
"Epaileak, prokuradoreek eta Polizia Federalak gezurra esan zuten 2018ko presidentetzarako kanpainatik urrundu nahi nindutelako", adierazi du.