Mundua -
Koronabirusa
Txertoa jaso dutenei EBren mugak irekitzea eskatu du Bruselak
Europako Sendagaien Agentziak onartutako txertoak jaso izana da baldintzetako bat, eta, besteak beste, AEBk eta Erresuma Batuak betetzen dute baldintza hori.
agentziak | eitb media
Europako Batzordeak mugak irekitzeko eskatu die EBko estatu kideei Europako Sendagaien Agentziak onartutako txertoak jaso dituzten kanpoko turistentzat, tartean AEBko eta Erresuma Batuko herritarrentzat.
Bruselaren proposamena asteon aztertuko dute teknikoki, eta estatu kideetako enbaxadoreek ere izango dute aztergai, maiatza amaitu aurretik erabaki bat hartu eta "ekainaren hasieran" indarrean jartzeko, EBko iturrien arabera.
Dena dela, EBren proposamenak ez du esan nahi txertoa jaso dutenek "baldintzarik gabe" bidaiatu ahal izango dutenik, tokian tokiko gobernuak erabaki ahalko baitu berrogeialdia bete edo diagnosi probaren bat egin behar duten.
"Europar Batasuna munduari ateak irekitzeko prest dago, baina modu seguruan. Gure proposamenak Schengen eremu indartsua bermatzen du, estrategia komun eta koordinatu bati esker", adierazi du Ylva Johansson EBko Barne Gaietarako komisarioak.
Europako Batzordearen aholkuaren helburuetako bat da ez dadila izan jatorrizko herrialdearen egoera epidemiologikoa baldintza bakarra, eta kontuan izan dezatela bidaiariak "EBk onartutako txertoak aholkatutako azken dosia jaso duen".
Hala ere, Munduko Osasun Erakundearen prozesua gainditu duten sendagaiak ere aintzat hartzeko aukera aipatzen du Europako Batzordeak.
EBk lau txerto onartu ditu orain arte (BioNTEch/Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen), baina beste batzuk daude onartzeko prozesuan; Sputnik V errusiarra, tartean.
Baimendutako herrialdeen zerrenda
Europako Batzordeak zerrenda bat argitaratuko du EBn sartu ahal diren jatorrizko herrialdeen zerrendarekin, baldintzak zeintzuk betetzen dituzten zehazteko eta iruzurrak galarazteko.
"Oinarrizkoak ez" diren bidaietarako baimena duten herrialdeen zerrendan zazpi bakarrik daude (Australia, Zeelanda Berria, Ruanda, Hego Korea, Singapur, Thailandia eta Txina, baldintzekin), baina baldintza berriak jarrita luzatu nahi dute.
Bruselak zerrenda hori eguneratu ez duen arren, litekeena da Israel, Erresuma Batua eta AEB laster sartzea zerrendan, egoera epidemiologikoak eta txertaketa prozesuak kontuan izanda.
Frantziako Gobernuak ekainaren 9an ireki nahi du
Frantziako Gobernuak ekainaren 9an ireki nahi du muga herrialde garrantzitsuenetako herritarrentzat, tartean AEBkoentzat, "uda ahal den normalena" izan dadin.
Horixe da Jean-Baptiste Djebbari Garraioko Estatu idazkariaren helburua, baina LCI katean egindako elkarrizketa batean aitortu du ez dela posible izango herrialde guztiak irekitzea. Gainera, Txinaren kasua are zailagoa dela esan du, murrizketa handiak jartzen dituelako "covidik ez" politika dela medio.