Mundua -

namibiako genozidioa

Alemaniak 1100 milioi eskaini dizkio Namibiari kolonia garaiko genozidioagatik

Gaur egungo Namibian garai kolonialean herero eta nama etnien aurka egindako sarraskiak genozidioa izan zirela onartu du. Komunitate horiek "propaganda politikotzat" jo dute eskaintza.

Heiko Maas Alemaniako Kanpo Arazoetako ministroa, gaur. Argazkia:EFE
Heiko Maas Alemaniako Kanpo Arazoetako ministroa, gaur
Heiko Maas Alemaniako Kanpo Arazoetako ministroa, gaur. Argazkia:EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniak ostiral honetan iragarri duenez, Namibiari 1100 milioi euroko kalte-ordaina ematea eskaini dio, garai kolonialean gaur egungo Namibian herero eta nama etnien aurka egindako sarraskiak genozidioa izan zirela onartu ostean.

Alemaniar tropek 85.000 hereroetatik 65.000 hil zituzten eta 20.000 nametatik gutxienez 10.000, matxinada bat itzaltzetik hasi eta 1904 eta 1908 artean luzatu zen kanpaina batean. Beste milaka herritar kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten, eta beste hainbat basamortuan noraezean ibiltzera behartuak izan ziren deshidratatuta hil arte. Historialariek eta Nazio Batuek XX. mendeko lehen genozidiotzat jo zuten.

"Biktimei eragindako sufrimendu neurtezinari aitorpen gisa, Namibiari eta biktimen ondorengoei gure laguntza eskaini nahi diogu berreraikuntzarako eta garapenerako 1100 milioi euroko funtsezko programa batekin", azaldu du Heiko Maas Alemaniako Kanpo Arazoetako ministroak. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak ere barkamena eskatuko du Namibiako Parlamentuan.

Bi herrialdeetako ordezkaritzek adierazpen politiko bat adostu dute jada, ia sei urteko negoziazioen ostean, eta bi gobernuak orain ados dauden arren, ez da dokumenturik sinatu oraindik.

1100 milioi euro horiek, batez ere, herero eta nama komunitateen kokalekuetan proiektuak sustatzeko erabiliko dira. Halaber, Alemaniako Gobernuak azpimarratu du genozidioa aitortzeak eta laguntza funtsa sortzeak ez dutela kalte-ordainen legezko erreklamaziorik eragingo, eta "betebehar politiko eta morala" dela gaineratu du.

Namibiako Gobernuak eta Hage Gaingob presidenteak iragarri dute kaltetutako komunitateekin eztabaidatuko dutela prozesua.

Hain zuzen ere, komunitate horiek,  Ovahereroen Agintaritza Tradizionalaren eta Namaqua Lider Tradizionalen Elkartearen bitartez, adierazi dute iragarpen hori "Alemaniaren propaganda ekintza bat eta Namibiako Gobernuaren engainu bat besterik ez" dela.

Vekuii Rukoro Ovaherero buruzagiak salatu duenez, Whindoekek "ez du konponketarik bilatzen, bere garapen proiektuak bilatzen ditu", eta kopurua ez dela nahikoa adierazi du. "Ez da nahikoa gure arbasoen odolaren truke. Infernura arte eta bueltan borrokatuko dugu. Deabruarekin oheratuko gara, horrek merezi duguna ematen badigu", esan du Rukorok, Geingobek "hereroak eta nama-ak ordezkatzeko eskumenik ez" duela esanez.

Alfredo Hengari Namibiako Presidentetzako bozeramaileak ukatu egin erakunde horiek esandakoa, funts horiek Alemaniak Namibiako Gobernuari beretzat emandako babesaren testuinguruan emango zirela, alegia, "norbaitek hori esatea okerra eta faltsua" dela esan du.

"Presidentearen jarrera argia izan da beti", adierazi du, eta pauso jakinak eskatzen zituela defendatu du "Alemaniak genozidioa izan zela onartzea, eta ondoren barkamena eskatzea eta kaltetutako komunitateei kalte-ordainak emate", esan du Presidentetzako bozeramaileak.

Negoziazioak luzaroan geldirik egon dira esplotazio eta zapalkuntza kolonialen konpentsazio ekonomikoan ados jartzen ez zirelako. Maasek gaur egindako adierazpenak gorabehera, oraindik ez dute adierazpen bateraturik sinatu Alemaniako eta Namibiako gobernuen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak