Mundua -

KRISI EKONOMIKOA

Bruselak datorren astean onartuko ditu ekonomia suspertzeko lehenengo planak

Lehen ordainketak herrialdeek euren planak onartzen direnean jasotzen duten % 13ko aurrerakinari dagozkio, 9000 milioi euro Estatu espainiarraren kasuan.

Bruselak datorren astean onartuko ditu ekonomia suspertzeko lehenengo planak. Foto: EFE
Bruselak datorren astean onartuko ditu ekonomia suspertzeko lehenengo planak
Bruselak datorren astean onartuko ditu ekonomia suspertzeko lehenengo planak. Foto: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko (EB) presidenteak astearte honetan adierazi duenez, datorren astean onartuko ditu susperraldi plan nazionalak, hau da, estatu kideek Bruselara bidali dituzten ekonomia suspertzeko lehen planak.

"Europako Batzordea datorren astean hasiko da estatuek suspertzea bultzatzeko aurkeztutako planak onartzen, Kontseiluak onar ditzan gero", adierazi du Alemaniako politikariak Europako Parlamentuan egindako eztabaidan.

Nazioen planak ezinbestekoak dira covid-19aren pandemiak sortutako krisia gainditu ahal izateko Europar Batasunak sortutako 800.000 milioi euroko funtsaz baliatzeko.

Von der Leyenek "gertaera garrantzitsutzat" jo du EBko buruzagiek uztailean lau eguneko goi-bilera batean susperraldi funtsa adostu zutenetik Batzordeak lehen planak onartu arte "urtebete baino gutxiago" igaro izana.

Orain arte, 23 estatu kidek bidali dituzte euren planak Bruselara, Espainiako Estatuak barne, apirilaren 30ean bidali baitzuen.

Ordainketak datozen asteetan

Aurretik ere Europako Batzordeak lehen planak ekainaren bigarren erdian onartzeko asmoa agertu zuen. Helburua berreskuratze funtsaren lehen ordainketak uztailean egitea da.

Lehen ordainketak herrialdeek beren planak onartzen direnean jasotzen duten % 13ko aurrerakinari dagozkio, 9.000 milioi euro Estatu espainiarraren kasuan; izan ere, berreskuratze funtsetik 140.000 milioi euro inguru jasotzeko eskubidea du, horietatik 70.000 milioi transferentzietan.

Von der Leyenen ustez, 23 plan nazionalek mezu "argia" erakusten dute, europarrak "hasiera berri baterako prest" daudela.

Europako exekutiboko buruak ez du zehaztu zein herrialdek osatuko duten datorren astean onartuko duten lehen multzo hori, baina agintari komunitarioen asmoa beti izan da planak heldu diren ordenaren arabera ebaluatzea. Estatu espainiarra izan zen plana bidali zuen lehen herrialdeetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa