Mundua -

Hornidura falta

Erresuma Batuak aitortu du gasolindegietako eskasiak beste astebete iraun dezakeela

Gainera, 1.000 atzerriko harakini premiazko bisak ematea aztertzen ari da, Gabonetako ohiko jakien eskaintzarekin egon daitezkeen arazoei aurre egiteko.

Hornidurarik gabe gasolindegi bat Londresen. Argazkia: Efe
Hornidurarik gabe gasolindegi bat Londresen. Argazkia: Efe
Hornidurarik gabe gasolindegi bat Londresen. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Gobernuak aitortu du garraiolarien faltagatik eta eskaeraren aparteko gorakadagatik gertatu den gasolindegietako hornidura eskasiak beste astebete iraun dezakeela, baina berretsi du "egonkortzen" ari dela egoera. 

BBCn egindako adierazpenetan, Kit Malthouse Estatu idazkariak adierazi du krisiaren arrazoia banaketa arazo bat dela, petrolio guneetan ez dagoela hornidura faltarik.

Boris Johnson lehen ministroaren Gobernuak espero du egoera egonkortu egingo dela "eskaria eta eskaintza orekatu ahala", erregairik gabe geratzeko beldurrez gasolindegietan auto-ilara luzeak daudelako.

Gobernuak esan du Armadako 150 gidarik lagunduko dutela banaketa lanetan, eta Estatuarenak diren zisterna kamioiak ere jarri ditu martxan.

Garraiolarien gabezia konpentsatzeko, gobernu kontserbadoreak 5.000 behin behineko bisa emango dizkie atzerriko langileei, baina 100.000 omen dira behar dituztenak.

Gainera, eta sindikatuak aurka agertu badira ere, urriaren 31 arte luzatu dute kamioilariei ordu gehiago gidatzeko emandako baimena.

Gabonetarako bisak

Garraiolari eta langile kualifikatu andana falta da Erresuma Batuan, eta ekonomiaren zenbait alorri eragiten die egoerak. Horregatik, Gabonetan ostalaritzan langile eta hornikuntza beharrak ez asetzearen beldur dira.

Hala, Gobernua 1.000 atzerriko harakini premiazko bisak ematea aztertzen ari da, Gabonetako ohiko jakien eskaintzarekin egon daitezkeen arazoei aurre egiteko, The Times egunkariak gaur zabaldu duenez.

Aipatu iturriaren arabera, Gobernuak sektorearen beharrei erantzun nahi badie ere, Priti Patel Barne ministroaren neurrien aurka dago, langile europarren zirkulazio librerako lehenengo pausotzat dutelako, eta hori galdutako eskubide bat da Erresuma Batua EBtik atera zenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grebak albisteak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Gatazkak garraio sektorean Erregaiak