Itxi

2021/11/13

23:34

Mundua

Glasgowko Klima akordioa

Ikatzaren erabilera murriztea eta 1,5ºCko mugari eustea adostu dute COP26 goi-bileran

EITB MEDIA

Erakunde ekologisten ustez "pobreegia" izan da ituna, eta Parisko Akordioan jarritako helburuak lortzeko "konpromiso irmo eta zehatzik" ez dago.

  • COP26ren akordioa txalotzen. Argazkia: Efe

    COP26ren akordioa txalotzen. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Glasgowko Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Konferentzia (COP26) amaitu da, baita herrialde guztiei ikatzaren erabilera murrizteko deiarekin amaitu ere. Mundu osoari erregai hori ez erabiltzeko egindako eskaerarekin batera, bizirik eutsi nahi izan diote mundu mailako tenperaturaren gorakada 1,5ºCra mugatzeko helburuari.

Gainera, ekintza klimatikoa indartzea adostu dute eta karbono merkatuentzat lan marko bat sortzeko arauak onartu dituzte.

Glasgowko Klima Neurri Sorta deituriko akordio hori aurrera atera da, nahiz eta azken unean Txina eta India, negutegi efektuko gas gehien isurtzen dutenak, kontra agertu diren. Baina horrek testuaren idazketa baldintzatu du, zeren azkenean ikatzaren erabilera eta erregai fosilen laguntzak murrizteko deia egin dute, eta hurrengo goi bilerarako, 2022an egingo duten COP27rako, utzi dituzte helburu zehatzak.

Adituek zuhur erantzun diote akordioari, eta ez dute ziurtatu hartutako konpromisoak balioko ote duen industria aurreko tenperaturaren aldean gehienez 1,5ºCko igoera edukitzeko helburuari eusteko.

Testuen bozketan, Lichtensteinek eta Mexikok kritikatu dute goi-bilera ez dela gardena izan eta erabilitako hizkuntzak ez duela asmo handirik erregai fosilen erabilera amaitzeko.

Marshall Irlak akordioaren aurka agertu dira erabat, hitzak aldatu dituztelako azken unean eta, aldaketak onartu dituen arren, kontrako iritzia erakutsi nahi izan du. Era berean, Fijik salatu du testuko berrikuntzak "azken orduan" sartu dituztela "zegokion eztabaidarik gabe", eta horrek kalte egingo diela herrialde txikienei.

Alok Sharmak, COP26ren presidenteak, barkamena eskatu du negoziazioa aurrera eramateko moduagatik, eta ulertu egin du hainbat herrialde "desados" egotea, baina azpimarratu du "Glasgowko Neurri Sorta babesteko" jokatu dutela horrela.

Ikatzaren akordioaren inguruan, Fijiko ordezkariak gogor jo du bere aurka, ikatzaren erabilera "murriztea" aipatzen delako testuan, ez ikatza "baztertzea". Hala ere, NBEren akordio batean erregai fosilei aipamena egiten zaien lehenengo aldia da.

Bestalde, erregai fosilen laguntzak ez direla eraginkorrak eta horregatik amaitu egin behar direla aldarrikatzen dute akordioan, eta negutegi efektuko gasen isuria murriztu egin behar dela 2030erako, berotzea mugatzeko eta 1,5ºCko helburua bete ahal izateko.

"Pobreegia"

Erakunde ekologisten ustez "pobreegia" izan da ituna, eta Parisko Akordioan jarritako helburuak lortzeko "konpromiso irmo eta zehatzik" ez dago.

David Howell SEO/Birlife erakunde ekologistako ordezkariak esan du COP26ren emaitza "erabat urria" dela, erregai fosilen amaiera eta horiei lotutako laguntzak "azkenean" agertzen badira ere, "hizkuntza arinegian aipatzen dira beharrezkoa den eraldaketa handia sustatzeko".

Howellen iritziz, "urrun dago" 1,5ºCko helburua lortzeko asmoa, aurten emandako pausoak "txikiak" direlako, eta urrats erraldoiak eta korrika egin behar direlako.

Bere esanetan, urratsak geroz eta "erraldoiagoak eta azkarragoak" izan beharko dira, beraz, "geroz eta gehiago kostatuko da".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;