Mundua -

ekuador

Gutxienez 68 pertsona hil dira Guayaquileko kartzelarik jendetsuenean gertatutako matxinada batean

Banda kriminalen arteko liskar larriak izan dira azken orduotan. Guillermo Lasso presidenteak "tresna konstituzionalak" eskatu ditu, kartzeletako indarkeriaren aurka.

Presoen familiak informazio zain, Guayaquileko espetxeko kanpoaldean. Argazkia: EFE
Presoen familiak informazio zain, Guayaquileko espetxeko kanpoaldean. Argazkia: EFE
Presoen familiak informazio zain, Guayaquileko espetxeko kanpoaldean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 68 hildako eta dozenaka zauritu zenbatu dituzte Ekuadorreko Guayaquil herriko espetxean, herrialdeko mendebaldean, larunbateko goizaldean gertatutako istiluetan. Banda kriminalen arteko liskarrak direla eta, hasi da matxinada.

Ekuadorreko Fiskaltzak jakinarazi ditu datuok, 14 inguru iraun duten liskarrak ustez amaitu ostean. Istilu larrienak espetxeko bigarren pabiloian izan dira, eta 700 preso inguru daude gune horretan. Twitter bidez azaldu dutenez, "68 preso inguru hil dituzte, eta beste 25 zauritu".

Bestalde, Pablo Arosemena Guayas probintziako gobernadoreak zehaztu duenez, "bigarren pabiloian buruzagirik gabe zeuden, eta preso batzuk besteak menderatzen saiatu ziren". Argiztapen-sistema eten zuten, eta "ez zituzten armak eta leherketak bakarrik erabili, elkar itotzen eta koltxoiak erretzen ere saiatu ziren". Ekuadorreko Poliziak eta Arreta Integraleko Zerbitzu Nazionalak indarkeria gelditzea lortu zuten, goizaldean kartzelan sartu ondoren. Zabaldutako informazio ofizialen arabera, fusil bat, hamar dinamita-kartutxo eta bi pistola konfiskatu zizkieten.

Kartzela berdinean irailean izandako beste matxinada batean 120 preso hil zituzten, 'narkoen' banden arteko liskarretan,  hori ere, bertsio ofizialaren arabera. Banden arteko liskarrak etengabekoak dira Ekuadorren, eta 300 hildakotik gora eragin dituzte aurten.

Lassok "tresna konstituzionalak" eskatu ditu

Carlos Jijon Ekuadorreko Presidentetzako bozeramaileak iragarri duenez, Guillermo Lasso Ekuadorreko presidentea larrialdi-kabinete bat antolatzen ari da egoerari aurre egiteko, eta gizarte zibileko zenbait ordezkari gonbidatu ditu kartzela barruan elkarrizketa sustatzera.

Istiluen berri izan eta berehala, Ekuadorreko presidenteak Estatuko erakundeei eskatu zizkien, Gorte Konstituzionalari bereziki, "tresna konstituzional egokiak, herritargoa babesteko, kartzeletan ordena berreskuratzeko eta kaosarekin aberasten diren mafien aurka borrokatzeko".

Herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak, ordea, presidentearen iradokizunari uko egin dio. Ohar bat kaleratu du, "Errepublikako presidentearen adierazpenak" errefusatuz eta "bere ardura propioak saihestea" egotziz.

Idatzian, Gorteak Lassori aurpegiratu dionez, "2019tik igorritako txostenetan behin eta berriro ohartarazten da kartzela-sistemaren krisi larriak ekintza zehatz eta estrukturalak behar dituela, salbuespen-egoera batean har daitezkeenengandik oso desberdinak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Presoak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Latinoamerika Ekuador albisteak Espetxe politika