Itxi

Mundua

Israel

Israelgo Gobernuak 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko ditu kolonoentzat Golango gainetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bestalde, Siriako Gobernuak "gaitzespen gogorra" adierazi du kolono kopurua bikoizteko erabakiaren harira.

  • Golango gainak

    Golango gainak. Artxiboko irudia.

Israelgo Gobernuak ia 300 milioi euroko inbertsio plana onartu du populazioa handitzeko eta Golango garaietan etxebizitza berriak eraikitzeko, 1967an Siriari okupatu eta 1981ean atxiki zituenak.

Erabakia Ministroen Kabineteak Mevo Haman egindako bilera berezi baten ostean iragarri zuten.

Planak zonaldeko biztanleria bikoiztea, 7.000 etxebizitza berri baino gehiago eraikitzea eta bi kolonia berri ezartzea aurreikusten du, bakoitza 2.000 etxebizitzarekin.

Iragarpen hori 1981eko Anexio Legeak 40 urte bete eta bi astera iritsi zen. Izan ere, lege horren bidez, Israelek lurralde hori bere aldetik eta nazioarteko komunitatearen onarpenik gabe atxiki zuen.

Bestalde, Siriako Gobernuak "gaitzespen gogorra" adierazi du kolono kopurua bikoizteko erabakiaren harira.

Damaskok "gerra krimenak eragiten dituzten urraketa larri eta sistematikoak" salatu ditu, eta "Golan Siriako lurraldearen zati oso bat" dela gogorarazi du, "zilegitasunaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen arabera".

Gainera, Siriako agintariek salatu dutenez, Israelgo hainbat hegazkinek misilak jaurti dituzte Latakia hirian, Siria mendebaldean, eta Israelgo armadari egotzi diote erasoa.

Arabiar Ligak ere gaitzetsi egin du iragarritako plana, lurralde okupatuetan hedatzeko politikan "urrats arriskutsu" berri bat delako eta nazioarteko legearen "urrapen nabarmena" delako.

Erakundeko Ahmed Abulgueit idazkari nagusiak adierazi duenez, "Israelgo planek nazioarteko legea urratzen dute, Golan Siriako lurralde okupatutzat hartzen baitu".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena