Mundua -

aeb

Sedizioa leporatuta atxilotu dute ultraeskuineko lider bat, Kapitolioan indarrez sartzeagatik

Kapitolioa hartu eta urtebetera, sedizio karguak egotzi dizkiete Oath Keepers taldeko beste hamar kideri, liderraz gain.

Kapitolioan istiluak, 2021eko urtarrilaren 6an. Artxiboko argazkia: EFE
Kapitolioan istiluak, 2021eko urtarrilaren 6an. Artxiboko argazkia: EFE
Kapitolioan istiluak, 2021eko urtarrilaren 6an. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Oath Keepers (Zinaren Zaindariak) talde ultraeskuindarreko liderra atxilotu dute ostegun honetan, sediziorako konspiratzea egotzita, 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioan indarrez sartzeagatik.

Elmer Stewart Rhodes III.ak 56 urte ditu eta Texaskoa da, Granburykoa. Taldeko sortzaile eta liderra da, eta Little Elm herrian atxilotu dute. Lehen aldiz salatu dute justiziaren aurrean 2021eko urtarrilaren 6ko gertakariak direla eta, Kapitoliora indarrez sartu eta urtebetera.

Oath Keepers gutxi egituratutako erakundea da, eta herritarren miliziekin du lotura. Edonor onartzen du kide gisa, baina militar ohiak, poliziak eta lehen sorospeneko langileak errekrutatzen ditu gehien. Liderraz gain, sedizio karguak egotzi dizkiete Oath Keepers taldeko beste hamar kideri.

Justizia Sailaren arabera, Rhodesek eta gainerako akusatuek Joe Bidenek 2020ko azaroaren 3ko hauteskundeak irabazi izanaren aurka konspiratu zuten. Hala, "indarrez egin zioten aurre presidentearen botere transferentzia egiteko prozesuari".

Unera arte, 700 pertsona baino gehiagoren aurkako karguak aurkeztu ditu Columbiako Barrutiko Fiskal Federalaren Bulegoak. Horien artean daude poliziei egindako eraso fisikoak, euren funtzioen betetzea galaraztea, Gobernuaren jabetzak hondatzea eta sarbide mugatuko eraikin batean sartzea.

Zigorrik handiena (bost urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra) su-itzalgailu batekin polizia agenteei eraso egin zien gizon bati ezarri diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Delituak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Trump gaur Joe Biden Ultraeskuina