Mundua -
Gatazka Ukrainan
Errusiak Estatu Batuei eta NATOri egotzi die Ukrainan tentsioak gora egin izanaren ardura
Vladimir Putinen Gobernuak salatu du Ameriketako Estatu Batuak gezurra zabaltzen ari direla eta azpimarratu du NATOren indar armatuen hedapenak eragiten duela tentsioak gora egitea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken egunotan nabarmen hazi da Ukrainako gatazkari lotutako tentsioa eta Errusiak Ameriketako Estatu Batuei eta NATOri leporatu die ardura guztia.
Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak "informazio faltsua" eta "gezurrak" zabaldu izana aurpegiratu die AEBei eta NATOri.
"Informazio faltsuak eta gezurrak publikatuta, jendartean histeria zabaltzen ari dira", adierazi du.
Ildo horretan, gogora ekarri du duela egun gutxi Errusia bere pertsonal diplomatikoa Ukrainatik ateratzen hasi dela esan zutela, baina ez dela egia.
"Azkenean, AEBko Gobernuak Ukrainan dauden estatubatuarrei handik joateko gomendioa egin die eta horretan geratu da guztia", erantsi du.
Horrez gain, NATO egiten ari den hedapen militarraz ohartarazi du. "Militarrak eta armamentua eramaten ari dira Europa ekialdera. Horrek eragiten du tentsioak gora egitea", nabaremendu du.