Mundua -
UKRAINAN
Ukrainara armada bidaltzeko eskaintza egin dio Erresuma Batuak NATOri
Johnsonek "ahalik eta eskaintzarik handiena" jarriko du mahai gainean; ehiza-hegazkinak, gerraontziak eta aditu militarrak bidali nahi ditu Europako mugak "sendotzeko".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiaren eta Ukrainaren arteko krisian hitza hartzen azkena Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa izan da. Ukrainara armada bidaltzeko eskaintza egin dio Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari (NATO) buruzagi britainiarrak, "Europako mugak indartzeko" eta Errusiaren "etsaitasuna" indargabetzeko.
Erresuma Batuko Gobernuak larunbat honetan aurreratu duenez, Johnsonek "ahalik eta eskaintzarik handiena" jarri nahi du mahai gainean, eta, besteak beste, Erresuma Batuko Armadaren ehiza-hegazkinak, gerraontziak eta "aditu militarrak" NATOren operazioetara gehitzea proposatu du.
Bestalde, Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkaritza bat Bruselara joango da bihar, Europar Batasuneko ordezkariekin gaia aztertzeko eta ahalegin diplomatikoak bizkortzeko. Dowing Streeteko eledunek jakitera eman duenez, NATOko kideekin tropak "bidaltzeko aukera" zehaztea dute helburu.
Halaber, datozen egunetan, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egiteko asmoa du Johnsonek, eta, gainera, eskualdera bisita bat egiteko asmoa ere badu. Ez dute, ordea, oraingoz, xehetasunik jakinarazi. Aurreratu duenez, Putinek "odola isurtzeko eta suntsitzeko bide bat" aukeratzen badu, "tragedia bat" izango da Europarentzat, baina Ukrainak bere etorkizuna erabakitzeko "askea" izan behar duela gaineratu du.
Bestalde, Ben Wallace Defentsa ministroak aste honetan Hungaria, Eslovenia eta Kroaziara bidaiatzeko asmoa duela iragarri du, eta Liz Truss Atzerri ministroak, berriz, jarduera diplomatikoa areagotuko du Europan.
"Mezu argia"
Oraingoz, Erresuma Batuko 900 militar baino gehiago daude Estonian, ehunetik gora Ukrainan, eta 150 kideko eskuadroi bat, berriz, Polonian.
Lehen ministroaren komunikatuaren arabera, eskaintza horrek Kremlini "mezu argia" bidaltzeko balioko du: ezegonkortzeko jardueren aurrean duten "tolerantzia txikia", besteak beste. Era berean, ministroak gaineratu du "beti" egongo direla NATOko aliatuekin alboan "Errusiaren etsaigoari aurre egiteko".