Mundua -

GERRA UKRAINAN

Putinek alertan jarri ditu disuasiorako indar nuklearrak

Ukrainako Gobernutik jakitera eman dutenez, errusiarrak azpiegitura zibilak suntsitzen eta zibilak hiltzen ari dira. Enfentramendu gogorrak gertatzen ari dira kaleetan, baina Ukrainak dio kontrolpean dituztela Kiev eta Kharkiv.

Vasilkoveko petrolio biltegia sutan, Kievetik gertu. Argazkia: EFE
Vasilkoveko petrolio biltegia sutan, Kievetik gertu. Argazkia: EFE
Blindatu errusiarrak Kievetik gertu daude, hiri batzuetan erresistentzia topatu duten arren

1:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak disuasiorako indar nuklearrak "zerbitzu erregimen berezian" jartzeko deia egin du , NATOko herrialde nagusien "adierazpen oldarkorrengatik".

"NATOko herrialde nagusietako goi kargudunek gure herrialdearen aurkako adierazpen oldarkorrak egin dituzte, horregatik agindu diet Defentsa ministroari eta Estatu Nagusiko buruari Errusiako Armadako disuasiorako indarrak zerbitzu erregimen berezian jartzea", adierazi du.

Indar nuklearrek, kontinente arteko misilek, nuklearrak ez diren indarrek, misilen aurkako defentsak eta alerta goiztiarreko sistemak osatzen dute, besteak beste, Errusiaren disuasiorako indar estrategikoa.

Putinek azpimarratu du Mendebaldeak ekonomikoki erasokorrak diren neurriak hartu dituela. "Guztiok ezagutzen ditugun eta zilegitasunik ez duten zigorrez ari naiz", gaineratu du, Errusiaren aurka ezarritako zigor ekonomikoen harira.

Kiev eta Kharkiv, kontrolpean

Oleg Sineguboc Kharkiv eskualdeko presidenteak igandea hasi berritan jakinarazi duenez, tropa errusiarrak hiriaren erdigunera iritsi dira. Kharkiv Ukrainako bigarren hiririk handiena da.

"Errusiako ibilgailu etsaiek hiriaren erdialdera sartzera lortu dute" azaldu du Sinegubocek eta etxean geratzeko eskatu die herritarrei.

"Mesedez, geratu etxean. Hiriko egoera oso larria da ", eskatu du Igor Terekhov Kharkiveko alkateak, UNIAN Ukrainako agentziak jasotako adierazpenen arabera.

Azpiegiturak suntsitu

Ukrainako Komunikazio Berezien eta Informazioaren Babeserako Estatuko Zerbitzuak herritarrei babeslekuetara jotzeko eskatu die eta "etsaia suntsituko" dutela ziurtatu du.

"Kharkiven borrokan jarraitzen dugu eta Errusiak bajak ditu" adierazi dute zerbitzutik, "Kharviven sartu den lehen ibiligailu errusiarra suntsitua izan da" gaineratu dute blindatua sutan agertzen den bi bideo zabaltzearekin batera.

"Errusiako okupatzaileak azpiegitura zibilak suntsitzen eta hiri handietan zibilak hiltzen ari dira" salatu dute eta kaltetutako azpiegituren artean, Vasilkoveko petrolio-biltegi bat (Kieveko hego-mendebaldean) eta Kharkiveko gasbide bat aipatu dituzte.

Halaber, Errusiako tropek "nagusiki kaukasiarrez osatutako unitate eta azpibanaketa militarrak" erabiltzen dituztela salatu dute, Txetxeniako tropei erreferentzia eginez, "herritarrak beldurtzeko".

Erresistentzia Kieven, gatazkaren laugarren egunean

Indar Armatuek berretsi dutenez, Kieven "lasaia" da egoera, eta Armada ukrainarrak "guztiz kontrolpean" dauka hiriburua, gatazkaren laugarren egunean hirian izan diren liskarren ostean.

Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteak, bestalde, "gau basatia" izan dela esan du, eta errusiar indarrek azpiegitura militarrik gabeko "eremu zibilei" eraso egin diela. "Errusiarrak guztia erasotzen ari dira, anbulantziak barne", azaldu du.

Indar Armatuek igorritako oharraren arabera, Errusiaren helburu nagusia da Ukrainako hiriburua hartzea. Ez da hala gertatu, "biztanleria zibilaren, Ukrainako Indar Armatuen, Guardia Nazionalaren eta Polizia Nazionalaren erresistentziari esker".

Bestalde, Oleh Sinegubov Kharkiv eskualdeko gobernadoreak igande honetan berretsi duenez, ukrainar indarrek "kontrolpean" dute Kharkiv hiria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra