Mundua -
gerra ukrainan
Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioak astelehen honetan hasiko dira
Ukrainak ez omen du baldintzarik jarriko elkarrizketa Aleksandrovka-Vilcha kontrolgunean izan dadin, eta adierazi du Minsk izango dela ordezkari ukrainarren segurtasunaren erantzulea.
Agentziak | EITB Media
Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioak astelehen honetan hasiko dira, goizean goiz, Bielorrusia eta Ukraina arteko mugan, bi herrialdeetako gobernuek tokian tokiko hedabideei jakinarazi dietenez.
"Ez da atzerapen bat, goizean hasiko da Ukrainaren logistika kontu batzuengatik", adierazi du TASS agentzia errusiarrak Kremlineko iturriak aipatuta.
Sergei Nikiforov Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen bozeramaileak aitortu du logistika zaila dela, Ukrainako ordezkaritzaren segurtasuna bermatzeko, besteak beste, eta horregatik ordu batzuk beharko dituztela hitzordura iristeko.
Igande honetan bi herrialdeek iragarri dute Bielorrusian izango direla elkarrizketak, Errusiaren aliatu sendoa den herrialdean, baina Ukrainak behintzat lortu du hitzordua mugan izatea.
Ukrainak ez omen du baldintzarik jarriko elkarrizketa Aleksandrovka-Vilcha kontrolgunean izan dadin, eta adierazi du Minsk izango dela ordezkari ukrainarren segurtasunaren erantzulea.
Ukrainako presidenteak elkarrizketa onartzeko arrazoia azaldu du: "Ukrainar batek ere ez dezala pentsatu ni, presidente gisa, gerra gelditzen saiatu ez nintzenik, nahiz eta aukera oso txikia izan".
Ezezkoa Bielorrusian biltzeari
Kremlinek delegazio negoziatzailea bidali du igande honetan Bielorrusiara, ukrainar ordezkariekin hitz egiteko, ukrainarrak ez zirela joango jakin arren. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak uko egin dio, hasiera batean, Errusiarekin Bielorrusian hitz egiteari; izan ere, horren ustez, elkarrizketa ezin da "errusiar erasoaren konplize den herrialde batean izan". Edonola ere, atea irekita utzi dio negoziazioak beste nonbait egiteari.
Errusiar inbasioaren laugarren egunean bidali dute Moskutik delegazio hori. Ostegun goizaldean hasi zen erasoa, eta, orain, Kremlineko indarrek Kiev dute mehatxupean. Oraingoz, beste hiri batzuk hartu dituzte, Kharkiv tartean: Ukrainako bigarren hiririk handiena da, eta 1,4 milioi biztanle ditu.
Larunbatean, Ukrainak Errusiari leporatu zion gerra eteteko behin-behineko negoziazioak kale itsu batera eraman nahi izatea, elkarrizketak hasi aurretik. Horren arabera, Errusiak gezurra esan zuen Kievek negoziazio-mahaian esertzeari uko egin ziola esan zuenean.
Putinek alertan jarri ditu disuasio nuklearrerako indarrak
Bien bitartean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak disuasio nuklearrerako indarrak "zerbitzu erregimen berezian" jartzeko deia egin du, NATOko herrialde batzuek "adierazpen oldarkorrak" egin ostean.