Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenski, Erresuma Batuko Parlamentuaren aurrean: "Ez dugu amore emango"
Komunen Ganberan atzerriko buruzagi batek emandako lehen hitzaldian, Ukrainako presidenteak Churchill parafraseatu du: “Basoetan, zelaietan, bazterretan eta kaleetan borroka egingo dugu”.
Agentziak | EiTB Media
"Ez dugu amore emango", ziurtatu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Erresuma Batuko Komunen Ganberan atzerriko buruzagi batek emandako lehen hitzaldian. Ondoren, txaloaldi luzea eskaini diote parlamentariek.
"Basoetan, zelaietan, bazterretan eta kaleetan borroka egingo dugu", adierazi du Zelenskik bideokonferentzia bidez. Horrela, Winston Churchill Erresuma Batuko gobernuburu ohiak Bigarren Mundu Gerran emandako hitzaldi ospetsuenetako bat parafraseatu du Zelenskik.
Boris Johnson lehen ministroak inbasioaren aurrean ukrainarren erresistentzia laudatu du. Johnsonek azpimarratu duenez, Erresuma Batuak "edozein baliabide, diplomatiko, humanitario eta ekonomiko" erabiliko du, Kremlinaren "porrota" ziurtatzeko.
"Ez dugu amore emango eta ez dugu galduko. Azkenera arte borroka egingo dugu itsasoan eta airean, gure lurragatik borrokan jarraituko dugu, kostua zein-nahi izan", adierazi du Zelenskik hitzaldi heroiko eta epiko batean.
Bigarren Mundu Gerran Erresuma Batuak Alemania naziaren aurrean defendatzeko borrokarekin alderatu du Ukrainaren erresistentzia: "Ez zenuten zuen herrialdea galdu nahi, naziek kendu nahi izan zizuetenean. Borroka egin zenuten".
Erresuma Batuko lehen ministroak Ukrainako Gobernuari emandako babesa eskertu ondoren, Zelenskik Errusiaren aurkako zigorrez haratago joateko eskatu dio Londresi. Horrela, Ukrainako zeruan debekupeko aire-eremu bat bultzatzea eskatu du, Errusiaren bonbardaketak eragozteko.
Ukrainako presidentea txaloaldi luze batekin hartu dute Komunen Ganberako diputatuek, eta isil-isilik entzun ondoren, txalo zaparrada batekin agurtu dute berriro.
Mundu osoan milioika pertsonentzako "inspirazio" izatea eskertu die Johnsonek ukrainarrei. Moskuren gaineko presioa areagotzeko prest dagoela erantsi du Erresuma Batuko gobernuburuak.
Era berean, Keir Starmer oposizioko buruzagiak Zelenski laudatu du. Starmerren hitzetan, "mundu guztia hunkitu du" Ukrainako presidentearen "kemenak, erabakitasunak eta lidergoak".