Mundua -
Anders Breivik, epaiketa
Breivikek Utoyako irlan zeuden 'guztiak' hil nahi zituen
Gainera, Brundttland lehen ministro ohiari lepoa moztu nahi ziola ere iragarri du. Hiltzen zuen bitartean testu bat irakurri, kameraz grabatu eta bideoa Interneten jartzeko asmoa zuela azaldu du.
Erredakzioa
Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak Laborista Gazteek Utoyako irlan egiten ari ziren kanpaldian zeuden "guztiak" hiltzeko asmoa zuela esan du. Breivik uztailaren 22an Norvegian egindako atentatuengaitik epaitzen ari dira. Erasotutako kanpalekuan 500 pertsona inguru zeuden eta Breivikek 77 hil zituen.
"Helburua erriflea detonagailu moduan erabiltzea eta ura suntsidura handiko arma bihurtzea zen", izan ere, Breiviken ustez, "igeri egitea zaila da hiltzeko beldur zarenean". Akusatuak ere alderdi laboristako zenbait agintariri, Gro Harlem Brundttland lehen ministro ohia tartean, lepoa moztu eta bideoan granatzeko asmoa zuen.
Zehatz-mehatz, 72 urteko Brundttland Munduko Osasun Erakundeko zuzendari ohiari lepoa moztu eta bitartean testu bat irakurri eta kameraz grabatzeko asmoa zuela azaldu du, bideoa Interneten jartzeko.
"Ez naiz haur-hiltzailea"
Ultraeskuindarrak aitortu duenez, jakin bazekien Utoya "xede eztabaidagarria" izango zela, baina "militante nazionalisten" artean ere, bertan adingabeak zeudelako. Hala ere, ez da egindakoaz damutu.
"Ni ez naiz haur-hiltzailea. Nire ustez, multikulturalismoaren alde egiten duten guztiak hiltzea zilegi da", esan du Breivikek, askok kargudun politikoak zirela azpimarratuta eta egindakoa berriz egingo zuela berretsita.