Mundua -

Ukrainako gerra

AEBko hedabideen informazioa ukatu du Errusiak: Ez dio Txinari laguntzarik eskatu

Beijingek ere erabat ezeztatu du eta "desinformazio hutsa" dela erantsi. Horren esanetan, "Txinak modu argi eta sendoan azaldu du Ukrainako krisiarekiko duen jarrera".

Errusiako presidentea, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Errusiako presidentea, artxiboko argazki batean.
Errusiako presidentea, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak ez dio Txinari babesik eskatu, Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzaren bozeramaileak adierazi duenez. Moskuk Pekini babes ekonomiko eta militarra, tartean droneak, eskatu dizkiola zabaldu dute gaur AEBko CNN telebista kateak eta The New York Times egunkariak AEBko funtzionario batzuk aipatuta, eta informazio hori ukatu du Errusiak. Beijingek ere goitik eta behera ukatu du.

Moskun egindako prentsaurreko batean auziaz galdetu diote Peskovi, eta "ez" borobil batekin eranzun du, Errusiako albiste agentziek zabaldu dutenez.

Aurrez, Txina irmo mintzatu da. "Guztiz faltsua da, desinformazio hutsa. Txinak modu argi eta sendoan azaldu du Ukrainako krisiarekiko duen jarrera. Paper eraikitzailea dugu, eta egoera modu inpartzial eta independentearekin aztertzen dugu. Txinaren jarrera gutxiestea ez da onargarria", esan du Zhao Lijian Txinako Atzerri Gaietako bozeramaileak prentsaurrekoan.

AEBko hedabideen arabera, ordea, Txinak erantzun dio jada Errusiako eskaintzari. Hedabideon esanetan, babes hori egikarituko balitz, Ukrainako inbasioaren "indar banaketa" aldatuko litzateke, eta AEBk zein Europar Batasunak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak konpentsatuko lirateke.

CNN telebista kateak gogora ekarri duenez, AEBko funtzionarioak, Jen Psaki Prentsa idazkaria tarteko, kritiko azaldu dira Beijingek gerrarekiko hartu duen jarrera "epelaz", Txinaren esanetan "operazio militar berezia" baita.

Txina aldebakarreko zigorren kontra dago. Zhaok joan den astean nabarmendu zuenez, horrelako zigorrek "ez dituzte bakea eta segurtasuna ekartzen, eta nahasitako herrialdeetako biztanleei zailtasun ekonomiko larriak eragiten diete. Konfrontazioa indartu eta denok galtzen dugun egoera batera eramaten gaituzte".

Ingurumari horretan, AEBko eta Txinako gobernuetako Segurtasun eta Atzerri Gaietako ordezkariak Erroman (Italia) bilduko dira gaur Ukrainako gerraren inguruan mintzatzeko.

Ameriketako Estatu Batuen izenean, Jake Sullivan Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkularia izango da bileran, eta Yang Jiechi Atzerri Gaietako Batzordearen Bulegoko zuzendaria, Txinaren ordezkari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Txina Errusia Vladímir Putin Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra