Mundua -
Auzitegi Gorena
Erresuma Batuak Assangeren helegitea atzera bota eta AEBetara estraditatzeko atea zabaldu du
Auzia Priti Patel Erresuma Batuko Atzerri ministroaren esku geratuko da orain, baina defentsak prozesuaren beste atal batzuk errekurritzea espero da; beraz, oraindik moteldu daiteke.
Agentziak | EiTB Media
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Julian Assange WikiLeakseko sortzailearen helegitea atzera bota du astelehen honetan, eta Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzeko ateak zabaldu ditu.
Auzia Priti Patel Erresuma Batuko Atzerri ministroaren esku geratuko da orain, baina defentsak prozesuaren beste atal batzuk errekurritzea espero da; beraz, oraindik moteldu daiteke.
50 urteko australiarra behin-behineko espetxealdian dago Belmarsheko (Londres) kartzelan. Abenduaren 10ean Auzitegi Gorenak plazaratutako ebazpena errekurritu zuen Assangek. AEBera estraditatzeko baimena eman zuen Gorenak, Washingtonek 2021eko urtarrilaren 21eko ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu ondoren.
2021eko urtarrilaren 21ean, Vanessa Baraitser lehen auzialdiko epailearen erabakia errekurritu zuen Washingtonek, hain zuzen ere. WikiLeakseko fundatzailea entregatzea ukatu zuen Baraitserrek, bere buruaz beste egiteko arriskua eta AEBko espetxe baldintzak areagotu zezaketela argudiatuta.
Stella Moris Assangeren bikotekidea eta bere bi seme-alaba adin txikikoen amak martxoaren 23an ezkondu behar direla iragarri zuen igandean, Belmarsheko espetxearen baimena jaso ondoren.
Washingtonek 19 espioitza eta intrusio informatiko delitu leporatzen dizkio kazetariari. Defentsaren hitzetan, 175 urteko kartzela-zigorra ezarri diezaiokete AEBetan.
WikiLeaksek 2010ean eta 2011n AEBren gehiegikeriak salatu zituen Guantanamoko atxiloketa zentroan (Kuba), baita gerrako krimenak ere Iraken eta Afganistanen.