Mundua -
Ukrainako gerra
Europara % 68 gas likidotu gehiago bidaltzeko akordioa lortu dute AEBk eta Europar Batasunak
Ameriketako Estatu Batuek gutxienez 15.000 milioi metro kubiko gehiago bidali nahi dituzte Europar Batasunera. Joe Biden AEBko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ofizial egin dute akordioa.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden AEBko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko (EB) buruak akordioa izenpetu dute gaur, AEBk % 68 gas likidotu gehiago bidali dezan Europara. Azken helburua Errusiarekiko menpekotasuna gutxitzea da.
Joe Biden AEBko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ofizial egin dute akordioa Bruselan, eta horri buruzko xehetasunak eman dituzte elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan.
AEBk urtean 15.000 milioi metro kubiko gehiago bidaliko du Europar Batasunera, 37.000 milioira iritsi arte. 2021ean, ostera, zenbatekoa 22.200 milioikoa izan zen.
Europako Batzordeak, bere aldetik, 2030era arte 50.000 milioi metro kubiko gehiago erosteko konpromisoa hartu du Ameriketako Estatu Batuekin.
Europar Batasunak 155.000 milioi metro kubiko erosten dizkio urtero Errusiari. Pixkanaka Errusiatik etorriko ez den gasa Ameriketako Estatu Batuetatik, Qatarretik, Egiptotik edo Afrika Mendebaldeko herrialdeetatik datorrenarekin ordezkatu nahi du.
Urtarrilaren amaieran, Errusiak Ukraina inbaditu baino lehen baina tentsioa goraka zihoala ikusita, AEBk eta EBk Europaren energia hornidura bermatzeko ituna izenpetu zuten. Orduko hartan, Von der Leyen eta Biden presidenteek bi konpromiso hartu zituzten: segurtasun eta jasangarritasun energetikoa bermatzea eta energia garbiak gehiago sustatzea.
Von der Leyenek azpimarratu duenez, Errusiari aurre egiteko, bi norabidetan ekitea adostu dute EBk, AEBk, Erresuma Batuak, Kanadak eta Japoniak. Errusiari zigorrak handitzea eta Errusiarekiko dagoen menpekotasun energetikoa murriztea.